Uda turistikoa sasoi onean da Goierrin
Uztaila "oso ona" izan dela nabarmendu du Goitur turismo garapen agentziak. Abuztua ere ari da betetzen, lehen astearen ondoren. Ezohiko urtea ari da izaten, Aste Santutik udara ez baita ia etenaldirik izan bisitarien etorreran.
Abuztuaren 5ean, astelehenarekin, atzo hasi zen “abuztu turistikoa”. Aurreneko asteko eguneko kokatze eta erreserba-hartze aldia igarota, aurreikuspen oparoak ditu Goierriko turismo sektoreak. Uda beteko bigarren hilari ekin dio, Goiturren arabera “oso ona” izan den uztailaren bidetik segi nahian.
Ezohiko uda sarrera izan du, izan ere. “Alojamenduetan eta turismo bulegoetan ikusi dugunagatik, Aste Santutik uda hasi arte turista jarraipen etengabe bat izan da. Normalean, Aste Santua igaro ondoren beti gutxitze bat izan da orain arte; aurten ez, inoizko mugimendu handiena sumatu dugu apiriletik ekainera ere. Eta ez asteburuetan bakarrik, astean zehar ere bai, ostatuetan bezala, bulegoetan ere bai”, azaldu du Goiturreko zuzendari Niko Osinaldek.
Uztailean, negozio-turismo deritzonak ere jarraitu du, enpresek mugiarazten duten langileri eta ordezkari oldea hartuta. Uda garaiko bisitariak eta turistak gehitu zaizkie Goierriko zerbitzuei eta baliabide turistikoei. Ohi bezala, kataluniarrak ibili dira uztailean gehienak, atzetik madrildarrak eta valentziarrak direla. Andaluziako eta Murtziako jatorridun turisten kopurua hazi dela ere ohartu dira, bi eremu haietan egindako kanpainengatik.
Bestetik, estatuz kanpoko bisitari kopuruak ere azken urteetako goranzko joerari eutsi dio, Osinalderen arabera. “Besteetan baino atzerritar gehiago etorri da, Aste Santutik segimen batean gainera. Frantsesa igo da, Frantziaren iparretik etorritakoa batik bat –Paris, Ille de France, Saboia, Bretainia…; 2023ra arte kostaldean geratzen ziren, eta jada barrualdea ezagutu nahi du jende gehiagok. Askok Goierri aukeratzen dute, natura-turismoarekin apustu handiena ere horretan egin dugu eta, azken urteetan. Sektore horrek Goierriko ia herri guztiak hartzen ditu: Gaztaren Ibilbidea dela, Zeraingo meategiak, parke naturalak… Mendia eskatuz jende asko etorri da. Autokarabanekin ere bai, herbeherearrak eta alemaniarrak”.
Amerikarrak ere gero eta sarriago ikusten dira Goierrin. Eusko Jaurlaritzak Mexikon eta Kolonbian landu du merkatua gehien bat, promozio bereziak eginez. “Asko jatorriaren eta euren abizenen sorlekuaren bila etortzen dira. Euskal hiriburuak bai, baina handik gertu gauden beste zerbait ere ezagutu nahi dute”.
Ostatuetan abuztua betetzen
Alojamenduen arloan, Goierriko hotel, landetxe eta hotel txikiek uztaila “ia-ia beteta” izan dute, aisialdirako turismoarekin –ohiko negozio turismoaz gain–. Goierri pasabidea denez, Europa iparraldetik Portugalera eta Afrikara iristeko, bidaiarien gau bakarreko egonaldien zerbitzuak ere izan du zeresana.
Abuztua ikusteko dago oraindik, baina ari da martxa hartzen. “Lehengo astean, hotel handiek zioten agian beste urteetan baino moteltxeago hasi ote den abuztua. Baina aste honetan jada ari direla betetzen eta erreserbak hartzen esan digute”, dio Osinaldek. Normalean, udan %90 betetzera iristen dira. Oraindik ez dago maila horretan, baina gerturatzen ari da. Landetxeetan eta hotel txikietan ia beteta dauzkate logelak.
Turismoa aldatzen ari den beste seinale bat, Donostiaren kasua da. Aurten lekua badago, ez da guztiz bete, eta prezioak beheratzea ekarri du horrek. “Turismoa ez da garai batean bezala. Lehen, esaten zen Donostia betetzen zenean hasten zela barrualdera jendea etortzen. Orain alderantziz da, jende askok nahiago du kanpoaldean lo egin, mendira irteera batzuk egin, eta Donostiara eguna pasatzera joan”.
Urtetako esperientziatik eta datuekin, Osinaldek behaketa bat ere egin du: “Gezurra dirudi, eta abuztua beti 31 egunekoa den arren, aurten bezala bost astetan banatuta dagoenean, lehenengo eta azken astean makalagoak izan ohi dira.
Gaztaren Ibilbidearen tiradizoa
Goierrik eskaintzen dituen museo, turismo bulego, bisita gidatu eta ondare ikusgarriei, natura-turismora bideratutako ibilbideak eta jakingarriak gehitu behar zaizkie. Gaztaren Ibilbidea da hori, etapaka oinez egiteko pentsatuta dagoen jarduera. Gero eta erakargarritasun handiagoa dauka turistentzat. “Harrigarria da, jende asko dabil. Garrantzi handia eman diogu horri gure promozioetan, eta nabaritu da”.
Kanpoko familia baten kasua aipatu du. San Inazio bezperan, Salbatoreh hotelean gaua pasatu, autoa bertan utzi, eta oinez ekin zioten Gaztaren Ibilbideari. Sei egun geroago, atzera Salbatorera itzuli dira, bira osatuta eta bidean lo lekuak eurek aurkituta edo turismo bulegoetatik hartuta. Pakete turistiko osoa hartzen dute, beste batzuek.
Ordiziako turismo bulegoan dago zentralizatuta Gaztaren Ibilbideko eskaintza. Done Jakue Bidean bezala, motxilak eramateko zerbitzua har liteke. Irailerako, adibidez, hogei lagunetik gorako mexikar talde batek dauka hartuta zerbitzua. Oinezko txangoei, goi mailako jatetxeetako otorduak erantsita osatuko dute egonaldia. Sevillar batzuk ere ari dira ibilbidea egiten orain.
Goierri Garaian
Urola Garaia Turismoak kudeatzen ditu bisitarien etorrera eta egonaldiak Goierri garaian. Abuztuaren amaieran egingo dute datuen bilketa, ostatuetako egonaldien betetze-maila eta udako balantzea, egunkari honi adierazi diotenez. Aurreikupenak “onak” dituztela gaineratu dute.