Igartubeitiko baserri-museora, oporretan eta ikastera
Jaki mota historiko ezberdinen inguruko 'Pintxo eta txotx', edo sagar zukua norberak egiteko esperientzia eskaintzen ari dira Ezkioko baserri-museoan, abuztuan.
Abuztu honetan ere zabalik dago Ezkioko Igartubeiti baserri-museoa. Museoa eta interpretazio zentroa ikusteko ohiko ordutegiaz gain, bisita gidatuak eskaintzen dituzte zenbait egunetan, 11:00etan (euskaraz), 12:30ean (gaztelaniaz), eta 17:00etan (euskaraz edo gaztelaniaz).
Horrez gain, jarduera bereziak ere prestatu dituzte. Egin ezazu zure sagar zukua esperientzia da bat. Abuztuaren 14an izango da hurrengoa, 10:30ean eta 12:00etan, eta bisitariek sagar zukua nola ateratzen den ikusi, probatu eta dastatu ahalko dute, sagardoa XVI. mendeko dolarean modu tradizionalean nola egiten den eta sagardo kulturaren jatorria ikasteko. Sagarren usaina, pisoiekin zanpatu, kirikoketako musika-erritmoak… egin eta barneratu ahalko ditu norberak. Sagarra prentsatu ondoren, zukua edan ahalko da, gazta zati batekin lagunduta.
Bestetik, Pintxo eta Txotx! jarduera ere badute. Bi emanaldi izango ditu hil honetan: larunbat honetan bat, abuztuak 10, eta bigarrena abuztuaren 31n; 11:00etan (euskaraz) eta 12:30ean (gaztelaniaz) dira. Jakiek izan duten garrantzia erakutsiko dute, bisita batean. Artoa sartzeak eragindako eraldaketaz eta sagardoa egiteko dolarearen funtzionamenduaz ariko dira. Interpretazio zentroan, gainera, Mundua lau zaporetan margotuta erakusketan euskal gastronomian murgilduko dira, lau saltsa motaren bitxikeriak emanez. Pintxo bat eta edaria txotxetik dastatuko dituzte. Buruko 6 euroko prezioa du ekimen horrek.
Artatxikia ahanzturan
Ameriketatik artoa ekarri aurrekoa den bertako artatxikiaz ere zerbait ikas daiteke Igartubeitin.
Uztailean, garia jaso ondoren, erein zitekeen artatxikia. Ale hori ereiteari, ordea, garia ereiteari baino askoz lehenago utzi zitzaion, XVII-XVIII. mende artean, gutxi gora-behera. Ogia, gariaren eta artatxikiaren irinarekin egiten zuten, urri izaten baitzen. Lurrak ez ziren onak, euri asko eta aldapa gehiegi. Indietako artoa iritsi arte, uztak makalak izaten ziren. Ameriketako zereal berriarekin, artatxikia erabat baztertu zuten baserrietan, eta ale berria “arto” bihurtu zuten, artatxiki zaharrari izena eta lekua kenduta.
Jarduera berezi horietarako izena eman behar da: igartubeiti@gipuzkoa.eus, 618 00 41 31, 943 72 29 78 edo 943 72 51 07 telefonoetara deituta.