Biharko azoka, Ordizia gehiago ezagutzeko aukera paregabea
Bisita gidatuak eta ibilbide autogidatu bat egiteko aukera eskaintzen du D'Elikatuz turismo zentroak.
Azoka egunak bereziak dira Ordizian, eta aitzakia paregabea dira bertara hurbildu, erosketa batzuk egin eta herria ezagutzeko. Ordiziako turismoaren sustapenaz arduratzen den D’Elikatuz zentroak hainbat bisita gidatu eskaintzen ditu urte osoan zehar, eta eskaintza berezia kaleratu du abuzturako, udalarekin elkarlanean.
Hala, asteazkenero, azokarekin batera, Ordiziako Azoka: Iragana, oraina eta etorkizuna ibilbide gidatua egiteko aukera dago, eta ostiraletan, berriz, Ordiziako herrigunearen eta eraikinen historia ezagutzeko Ordizia denboran zehar bisita gidatua. Taldeei zuzendutako jarduerak dira, eta parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, 943 88 22 90 telefono zenbakira deituta edo turismo@ordizia.eus helbidera mezu bat bidalita. Taldeak osatzen badira bakarrik eskaintzen dira biak.
Bisita autogidatuak
Baina bi bisita horiek egiteko talderik osatzen ez bada, badago Ordizia ezagutzeko beste aukera bat, ibilbide autogidatuaren bidez. Azokaren historia errepasatzearekin batera, herriko hamabi gune esanguratsu lotzen ditu ibilbideak, eta panelen eta audioen laguntzarekin egin daiteke.
Andre Maria kalean, Barrena jauregiaren ondoan dagoen D’Elikatuz turismo bulegoan hasten da. Bertan eskatu daitezke argibideak, eta Ordiziako azokako webgunean ere eskuragarri daude.
Hamabi gunez dago osatuta ibilbidea. Gune horietan, garai bateko argazkiekin eta azalpenekin hornitutako xaflak jarri dituzte, eta QR kodeen bidez audioak deskargatu daitezke, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Hauek dira hamabi gune horiek:
- D’Elikatuz Zentroa. Barretxe
- Peru artzainaren eskultura
- Goizane eskultura, plazan
- Udaletxeko arkupeak
- Mariane eskultura, Oilo-kale
- Geltokiko eskilarak
- Alhondiga, Muxika Dorretxea
- Goen plaza
- Garagartza plaza
- Azoka plazara sarbidea
- Asto kale
- Goierriko Nekazal Kooperatiba
Bestalde, tren geltokiaren parean eta herriguneko sarrerako eskaileren ondoan, Ordiziako mapa bat ere kokatu dute, eta bertan, herriko interes puntu nagusiak eta urtean zehar ospatzen diren jai eta ospakizun garrantzitsuenak jasotzen dira.