Herri kirolekin hasi dute jaietako bigarren eguna Gabirian
Euriari aurre eginez, gogotsu dabiltza gabiriarrak Andra Mari jaiez gozatzen. Gabiriako eta Aztiriako taldeak neurtu dira elkarren aurka herri kiroletan; Aztiriak irabazi du. Arratsaldean bertsoak izango dira, eta gauean kontzertuak.
Eguraldi goibela ez da eragozpen Gabiriako jaiez gozatzeko, eta atzo hasitako egitarauak aurrera jarraitzen du gaur, oso gogotsu dauden gabiriarrek bultzatuta.”Festak hasi besterik ez dira egin”, esan du batek, euriari jaramonik egin gabe.
Eguneko lehen ekitaldia herri kirol norgehiagoka izan da, eta jendetza bildu du eguerdian Alkainburu pilotalekuko harmailetan. Gabiriako taldea, berdez jantzita, eta Aztiriko taldea, elastiko urdinarekin, izan dira lehian.
Bi taldeak elkarren kontra aritu ziren Aztiriko jaietan uztailean, eta gaurko hitzordua errebantxa zen. Oskol bilketa, harri jasotzea, zaku lasterketa, korrika, txingak, ingudea eta trontza izan dituzte indarrak neurtzeko. Bi itzuli egin dituzte zenbat kiroletan, eta amaitzeko, sokatira egin dute, bi tiraldi horretan ere. Gaurkoan, Aztirik irabazi du, 8 minutu eta 8 segundotan lan guztiak eginda; Gabiriak 8 minutu eta 40 segundo behar izan ditu.
Festa giroak arratsaldean izango du jarraipena, eta 18:30ean bertso saioa izango da, plazan, Andoni Egaña, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Jexuxmari Irazu, Aitor Tatiegi eta Aratz Igartzabal gabiriarraren partaidetzarekin.
Gauean, 23:00etan hasita, Ithaka eta Belako taldeen kontzertuak, eta Fresamorango DJaren saioa izango dira.
ARGAZKIAK: Aimar Maiz