Ormaiztegiko tren zubiak 160 urte beteko ditu bihar
Zumalakarregi museoak bisita gidatuak eskaintzen ditu bertara, aurrez erreserba eginda.
Ormaiztegiko tren zubiak 160 urte beteko ditu bihar, abuztuak Madril eta Paris lotzen zituen iparraldeko trenbideko zubia 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten. Ingeniaritza lan handi bezain ikusgarria da: 1858an hasi ezen eraikitzen, eta 1864an amaitu. 289 metroko luzera du, eta 34 metroko altuera.
Urteetan zehar, zubia Gustave Eiffel ezagunaren lana zela pentsatu zen, herritarren harrotasunerako, baina aurrerago ikerketa historikoek erakutsi zuten Alexander Lavalley ingeniari eta Eiffelen irakasleak eraiki zuela.
Gertaerak eta aldaketak
Tren zubi honek hainbat gertaera eta aldaketa izan ditu 160 urte hauetan zehar, bere balio estrategikoak eraginda. Hala, Bigarren Karlistaldian (1872-1876), Beasaingo geltokiari su eman zioten, baina zubiak kalte batzuk besterik ez izan zituen jasan. Aurrerago, 1912an, bide bikoitza ezarri zuten trenbidean, eta 1928an elektrifikazioa.
Gerra Zibilean, Bigarren Karlistadan ez bezala, kalte handiak izan zituen, eta 1936ko irailean zubia sopletez moztu zuten Bergarako Labe Garaietako hainbat langilek, frankistek aurrera egin ez zezaten. Hurrengo egunean iritsi ziren frankistak, eta zubiaren ondoan dagoen hilerriko hormaren kontra fusilatu zituzten langile haiek. Berehala berreraikitzea agindu, eta 1937ko otsailaren 1ean berrinauguratu zuten, eta orduan jarri zizkioten gaur oraindik mantentzen dituen hormigoizko zutabeak, egitura indartzeko.
Zubia 1995. urtera arte erabili zen, eta urte horretan, beste zubi bat eraiki zuten paraleloan, eta hark ordezkatu zuen behin betiko. Izan ere, 1980ko hamarkadan zirkulatzen zuten trenak ez ziren tren zubiaren ezaugarrietara egokitzen, trenbideak XIX. mendearen bigarren erdialdeko lurrunezko tren-makinarako eraiki baitzituzten. Horregatik egin zuten zubi paraleloa, gaur egungo trenen ezaugarrietara egokitutakoa. Zubi berri hau 1995ean inauguratu zen eta zaharrak funtzionatzeari utzi zion.
Bisita gidatuak
Zumalakarregi Museoa eta Ormaiztegiko Udala lanean ari dira ondare materiala berreskuratzeko eta kontserbatzeko, eta tren zubi horren memoria historikoa kontserbatzeko. Hori dela eta, museoak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen du, aurrez erreserbatutako bisita gidatuen bidez. Horretarako, 943 88 99 00 edo 659 43 45 66 telefono zenbakietara deitu behar da.
Zumalagarregi museoak, gainera, zubiari buruzko material grafiko ugari du bilduta.