Urteko lehen eskarolak iritsi dira, aire libreko tomatea atzeratzen ari den bitartean
Abuztu erdi-erdia izan arren, eta eguraldiak asko lagundu gabe gainera, jendetza elkartu da azoka inguruan eta Ordiziako erdigunean. Bisitari asko ere ikusi dira, tartean Karlos Argiñano sukaldari famatua.
Lanbroa egin du ia goiz osoan Ordizian, baina hori ez da eragozpen izan azokaren inguruan eta herriko erdigunean jendetza elkartzeko. Feria egunak badu xarma berezia ordiziarrentzat eta inguruko herritarrentzat, eta gaur ere, eguraldiak lagundu ez duen arren eta abuztu erdi-erdia izan arren, hala izan du. Kanpotar batzuk ere ikusi dira, eguraldi kaxkar horrek hondartzarako biderik eman ez dienean Gipuzkoa barruko herriak ikusteko baliatuta.
Bisitarien artean Karlos Argiñano sukaldari famatua ere ikusi da, ferian postuz postu, Patxi Izagirre eta beste saltzaile batzuekin hitz egiten. “Gaur bisitan etorri naiz bakarrik. Tarteka etortzen naiz Ordiziako feriara, asko gustatzen zait”, adierazi du Zarautzen bizi den beasaindarrak, inguratu zaion jendea agurtzen zuen bitartean. Esandakoa, xarma berezia du feria honek.
Lehen eskarolak
Berritasunak ere eskaini ditu gaur, bakarra alegia: eskarola. Aramako Jaione Irazustak jarri du salgai, bakoitza 2,5 euroan. Eguraldi kontuak ez dituela lagun aipatu du aramarrak, “aurten eskarola asko hondatu zait, baita letxugak ere, euri asko egin duelako, eta hezetasun handia dagoelako”. Irazustak urteko lehen ziazerbak edo espinakak ere aurkeztu ditu, hosto txikiak; 90 gramoko poltsatan zituen salgai, kiloa 3,8 euroan.
Aire libreko tomatearentzat ere kaltegarria gertatzen ari da aurtengo udako eguraldia, eta plazan ez dago oraindik. “Berandu eta gutxi izango da uda honetan, izaten bada, gainera” esan dute saltzaileek, “gainera, zomorro asko dabil, eta dena jaten ari dira”. Hala ere, Gabiriako Jose Antonio Elosegik berak badituela argitu du, eta hurrengo astean ekarriko dituela saltzeko.
Pipermina ere eskas dabil, beste urte batzuekin alderatuta, hori ere eguraldiaren erruz. Hala ere, Mikel Lasak 50 kilo izan ditu salgai. Piperminaren kiloa 10 eta 14 euro artean dago. Bestela, piper faltarik ez da, batez ere Gernika motakoa.
Lasak perretxikoak ere bazituen, baita Barcinak ere. Bien artean 65 kilo onddo jarri dituzte salgai, kiloa 29 eta 32 euro artean, baita 52 kilo ziza hori ere, 18 eta 22 euro artean kiloa. 18€/kg
Moskatel mahatsa
Fruta saltzaileen artean ere izan da berritasun garrantzitsu bat, moskatel motako mahatsa. 4.95-5,5 euro artean jarri dute salgai kiloa. Moskatelarena bezala, hauxe udare tomatearena ere bada, eta Javier Lacalle aguraindarrak kaxakadak ekarri ohi izan ditu feriara. Aurten beranduago ibiliko dela azaldu du, tomate mota hori ekoizten den lekuetan izandako beroak eraginda.