Azken egunean sartu dira Zeraingo festak
Herri afariarekin amaituko dira gaur gauean aurtengo Andra Mari festak. Atzoko ekitaldien artean, txakolin dastaketa eta herri kirol norgehiagoka azpimarratu behar dira.
Zeraingo jaiak iritsi dira amaierara. Ofizialki asteazken iluntzean hasi eta gero, gaur amaituko dira aurtengo Andra Mari jaiak, herri afariarekin. Tartean, ekitaldiz eta, batez ere, giro bikainaz beteriko egunak izan egunak zan dituzte zeraindarrek eta herrira inguratu diren guztiek.
Atzo festetako egun handia zen, Andra Mari amabirjinaren eguna, eta mezarekin hasi ziren ospakizunak. Eguerdi partean txakolin dastaketa jendetsua egin zuten, plazan, aurten lehen aldiz jarri duten karpapean, eta arratsaldean, besteak beste, herri kirol desafioa.
Aurrena, herriko gazteek jardun zuten lehian, bi taldetan banatuta. trontzan, txingan, korrika, ingudearekin, zaku lasterketan eta oskolak biltzen egin zuten. Talde urdinean Amaia, Andoni, Mikel, Zape, Haitz, Iratxe eta Irati elkartu ziren; eta berdean, Ainhoa, Jokin, Ortzi, Josu, Eki, Aroa eta Maialen. Talde urdinak irabazi zuen.
Ondoren, aizkora norgehiagoka egin zuten sei aizkolarik, bikotetan banatuta. Sei kanaerdiko zituzten mozteko. Zeraingo Xabi Dorronsorok eta Hendaiako Eloy Morenok (Iparraldeko txapelduna da, eta Piztu telebista ETB saioan atera izan da behin baino gehiagotan) osatu zuten lehen bikotea, Zegamako Joseba Arakamak eta Idiazabalgo Aitor Urteagak bigarrena, eta Mutiloako Iñaki Ibarguren eta Legazpiko Josu Ibarguren osaba-ilobek,( Legazpiko Lakiola baserrikoak dira biak), hirugarrena. Arakamak eta Urteagak irabazi zuten.
Atzoko egunean, bestalde, pilota, bolak, mozorro festa, gazteen afaria eta Alarma Morea taldeak eta DJ Expuelak jarritako musika ere izan ziren.
Gaur da festetako azken eguna, eta ekitaldiz betea dator.
11:30. Meza nagusia.
Ondoren, txistularien goiz eresia herrian barrena.
12:30. Solkie dantza taldearen emankizuna.
13:00. Herriko gaztagileen gazta dastaketa eta toka txapelketa, plazan.
17:00. San Roke bola txapelketa.
17:00. Eriz magoaren ikuskizuna, eliza atarian.
19:00. Bertso-triki poteoa, Ostatuan hasita. Bertsolariak Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran. Trikitilariak, Toberako ikasleak.
20:30. Herri afaria.