Igandean, Lareo inguruko koba batean esperientzia espeleologikoa
Lizarrustiko Parketetxetik irtenda, ibilaldi gidatua egiteko aukera izango da Lareoko urtegiraino, eta han inguruko kobazulo batera sartuko dira partaideak. Bihar, eta abuztuko beste larunbatetan, 'Errotako jaki goxoak' jarduera ere aukeran dago,
Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, igande honetan, abuztuak 18, Lareoko kobazulora irteera gidatua egiteko aukera izango da. Sartu kobara izena jarri diote txango honi, eta esperientzia espeleologiko bat eskaintzen du, haurrek eta familiei zuzendutakoa. Lizarrustiko Parketxetik 10:00etan abiatuko dira oinez, Lareorako bidetik Aralarko parke naturalean barneratuz. Ibilbide erosoa da, zailtasun gutxikoa, eta pagadiak, erreka biziak, arroila eta txondor plazak zeharkatuko ditu.
Lareoko urtegitik gertu, kobazulo batera sartuko dira . Urak egindako formazio geologikoak eta lurpeko egiturak bertatik bertara ikusiko dituzte txangolariek. Mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, linterna edo kopetako argia eramateko eskatu dute. Kaskoak antolatzaileek emango dizkiete. Prezioak, helduarena 6 euro eta 12 urtetik beherako haurrarena 6 euro dira.
Aldez aurretik izena eman behar da (lizarrusti@gipuzkoanatura.eus / barandiaran@gipuzkoanatura.eus / 943 18 03 35 / 688 895 069).
Errotako jaki gozoak
Bestetik, biharko eta abuztuko beste bi larunbatetarako Errotako jaki goxoak jarduera ere antolatu dute. Ataun San Gregorioko Barandiaran Museoaren aldamenean dagoen errotatxoa ikusteaz gain, han ehotako artairinarekin taloak egingo dituzte bisitariek, ondoren txokolatearekin beteta jateko.
Bisitak 10:30ean dira. Helduek 7 euro, eta 12 urtez beheko haurrek 5 euro ordaindu behar dute. Izena emateko: barandiaran@gipuzkoanatura.eus / 943 18 03 35 / 688 895 069.