Goierriko gaztak sarituak izan dira Araian eta Plentzian
Gabiriako Baztarrika, Idiazabalgo Gaztañaditxulo eta Olaberriko Aizpea sariekin itzuli dira herri horietan jokatutako txapelketetatik.
Idiazabal gaztaren ekoizleek ez dituzte oporrak hartzen udan, eta batzuk lehiaketaz lehiaketa dabiltza sariak biltzen. Goierriko hiru gaztandegik sari sendoak jaso dituzte abuztuko asteburu luze honetan, Arabako Araian batzuk, Bizkaiko Plentzian beste batzuk.
Araian, Araiako Idiazabal Gaztaren 20. lehiaketa eta Andra Mari Garaikurra jokatu zen abuztuaren 15ean, eta bertan, Gabiriako Eli Elgarrestak eta Asier Osinaldek egindako Bazkarrika gaztak bigarren saria eskuratu zuen, eta Idiazabalgo Ander Barandiaranen Gaztañaditxulo gaztak hirugarrena. Bestetik, Joxemari Jauregi eta Elixabet Gorrotxategi goierritarrek Ilarduian egiten duten La Lezek bertako gazta onenaren saria irabazi duen. Lehiaketa honetako sari nagusia Elgoibarko Mausitxarentzat izan zen.
Bestetik, atzo Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazten 33. Lehiaketa egin zen Plentzian, eta La Lezek lehen saria irabazi zuen. Ondoren, Olaberriko Eli Arrilagak eta Mikel Etxezarretak egindako Aizpea Gazta sailkatu zen, eta hirugarrenik, Mausitxa.
Gutxira, bi lehiaketa garrantzitsu ere izango dira jokoan, biak Goierrin. Batetik, irailaren 1ean Gipuzkoako txapelketa jokatuko da Legazpin, Artzain Egunaren baitan, eta bestetik, irailaren 11n, Ordiziako txapelketa entzutetsua.