Zeraingo gazteak, eskertuta herrikideen aldetik jaietan jasotako babesagatik
Jende asko ibili dela diote, eta herritarren babes osoa jaso dutela ere bai. Balorazio ofizialaren zain, oso pozik daude antolatzaileak.
Hiru egun besterik ez dira igaro Zerainen jaiak amaitu direnetik, eta antolatzaileek ez dute denborarik izan oraindik balorazio ofizialik egiteko, baina herriko gazteek aurreratu dute balorazio hori “oso positiboa” izango dela.
Aurten herriko gazteek jardun dute Andra Mari festak antolatzen, eta hilaren 14an hasi eta ostiral gauera arte, era askotako ekitaldiak izan dira herrian, jende asko elkartu dituztenak eta giro ederrean burutu direnak.
Hala dio gazte kuadrilla horretako kide den Jokin Intxaustik, aurrerago, “herritar danen eskutik” egingo duten “balorazio sakonago” baten faltan: “Jende askok parte hartu du, jende dezente ibili da, eta guk, herritarren babes zabala sentitu dugu, eta oso eskertuta gaude”.