Domingo Agirreko kirol kantxa erabilgarri dago, estalkia konpondu eta gero
Cumenorte enpresak egin ditu lanak, eta besteak beste, ur iragazketak eragiten zituzten akatsak konpondu dituzte.
Kirol kantxako estalki berriarekin hasiko dute ikasturtea Domingo Agirre eskola publikoko ikasleek irailean. Udalak egindako konponketa lanak amaituta, eraikina erabilgarri dago dagoeneko, eskolarentzat eta gainerako herritarrentzat.
Domingo Agirreko kirol kantxako estalkiaren konponketa lanak Cumenorte, S.L. enpresak egin ditu, 75.509,08 euroan (BEZ barne). Ekainean hasi zen, ikasturtea amaitutakoan, eta abuztu hasieran amaitu ditu.
Eskolako kirol esparru hori 2003an eraiki zuten, beheko patioa estaltzeko. 2019an, fatxadaren eta estalkiaren arteko lotura errematea egin zen, ordura arte espazio hori libre zegoelako. Azken urteotan, ur iragazketak gertatu dira eta konponketak egin diren arren, ezin izan dira kendu. Estalkian, gainera, 2013an instalatutako bizi lerroa eta eguzki plaka fotovoltaikoak ere badaude. Orain egin diren obrekin, estalkiko panela eta bizi lerroa ordezkatu dira, eta eguzki plakak instalatzeko egokitzapenak egin dira.