Esnea nondik datorren ezagutzeko, bisita berezia Iztueta baserrira
Ostegunean, hilak 22, izango da bisita, Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta. Parte hartzeko izena eman behar da aurrez.

Familian ostegun goiz eder bat pasatzeko proposamena luzatzen du Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Iztueta baserriak. Etzi, abuztuak 22, Nondik dator esnea? izeneko jarduera eta bisita berezia eskainiko dira Lazkaoko baserri horretan.
Iztueta baserriak abereak, ukuilua, zelaiak, esnetegia eta baserria erakutsiko dituzte jarduera honetan. Baserriko bizimodua ezagutzeaz gain, ekoizten dituzten produktuak dastatzeko aukera izango dute bisitariek, eta, bide batez, inguruko paisaia paregabeaz gozatzekoa ere bai.
Hitzordua goizeko 11:00etan izango da baserrian bertan, eta bi orduko iraupena izango duen bisita egingo da. Helduek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek 6 euro. Aurrez izena ematea ezinbestekoa da, Aralarko parketxearekin harremanetan jarriz 943 18 03 35 edo 688 895 069 telefono zenbakietan, edo barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita.
Iztuetan, belaunaldietako esperientzia behiekin
Iztueta baserrian belaunaldietako esperientzia dute esne behiekin lan egiten. Animalien ongizatea eta elikadura zaintzen dituzte, ingurugiroa eta iraunkortasuna oinarri hartuta. Gainera, ziklo guztiaz arduratzen dira, ekoizten dituzten produktuetan kalitate gorena bermatzeko.
Iztuetan oso barneratuta dute behiak direla proiektu horren ardatz nagusia; behiek eskaintzen dieten esnea da euren sorkuntza guztien oinarria eta, esnea goi mailakoa izateko, behiak ere halakoak izan behar dira, eta horregatik, haien zaintza egokian oinarritzen da lanaren parte handi bat.