Idiazabal gaztaren ibilbidea, xarmaz betea
Geroz eta ezagunagoa da sei etapaz osatutako ibilbide hori. Ordiziako D'Elikatuz zentroak alojamendu eta otordu eta guzti dituen paketea eskaintzen du. Bartzelonako Marçalek eta Jessicak duela gutxi egin dute.
Jessica eta Marçal Bartzelonakoak dira, eta Goierri aukeratu dute aurten opor egun batzuk igarotzeko. Abuztuaren hasieran izan dira hemen, eta sei etapa dituen Idiazabal Gaztaren Ibilbidea egin dute. Ikusi dituzten paraje eta mendiekin, jendearekin eta gastronomiarekin liluratuta itzuli dira Bartzelonara.
Instagram sare sozialaren bidez izan zuen bikote honek Idiazabal Gaztaren Ibilbideari buruzko berri. “Guri asko gustatzen zaigu ibiltzea, ibilbideak egin ohi izan ditugu, aurretik nik O Caminho dos Faros egin nuen, Galizian”, azaldu du Marçalek, “eta Idiazabalgoaren berri izandakoan, hori egitea pentsatu genuen. Gainera, Euskal Herria asko gustatzen zaigu, Idiazabal gazta ere bai… Algoritmoak elkartu zirela uste dut”.
Ibilbidea egiteko Ordiziako D’Elikatuz zentroarekin jarri ziren harremanetan, eta honek eskaintzen duen paketea hartzea erabaki zuten, alojamendua, otordu erdiak eta ekipajearen garraioa barne dituena. “Oso ondo antolatuta dago guztia”. Ibilaldiak egiteaz gain, zeharkatu dituzten herriak ezagutzeko aukera ere izan dute. “Dena oso ondo joan da, eta ibilbide hau egitea gomendatzen dugu, nahiz eta guk uste genuena baino gogorragoa izan den, igoera eta jaitsiera asko dago, eta desnibela oso handia da”. Hala ere, zehaztu du bero handia egin ziela bi etapa gogorrenetan, eta horrek aldapak igotzeko ez ziela mesederik egin, ezta hurrengo egunean egin zuen lanbroak ere, lurra irristakor zegoelako.
Paisaiak gustatu zaizkie asko, “hemen, gu bizi garen lekuan, badugu ere mendia, baina dena lehorragoa da. Hori hezeagoa da, berdeagoa, eta mendia abereez beteta dago, ardiak, behiak, astoak, behorrak…” eta jende gutxi ikustea ere estimatu dute. “Ez duzu ia inorekin topo egiten, deskonektatzeko ingurune aparta da, eta horixe nahi genuen guk, natura, geure buruarekin elkartzea, elektronikoki deskonektatzea eta atseden hartzea”. Gastronomia ere ikaragarri gustatu zaie “zuen lurraldean oso ona da”, dio.
Sei etapako ibilbidea
Idiazabal Gaztaren Ibilbideak edo GR-283ak sei etapa ditu, eta 95,7 kilometroko luzera guztira, 9.777 metroko desnibel metatuarekin: desnibel positiboa 4.920 metrokoa da, eta negatiboa 4.857 metrokoa. Etapa bakoitza egun batean egiteko pentsatua dago, eta Goierri, Urola Garaia eta Debagoiena bailarak zeharkatzen ditu.
Lehen etapa Ordizia eta Segura artekoa da, 13 kilometrokoa eta lau ordutan egin daitekeena. Bigarren etapa Seguratik Legazpiko Mirandaolara doa, 12,6 kilometro ditu eta 4 ordu eta 25 minutuan egin daiteke. Mirandaolatik Arantzazura doa hirugarren etapa; 12 kilometro ditu, eta 4 ordu eta 45 minutu behar dira egiteko. Laugarren etapa, Arantzazutik Etzegarateraino dona da, ibilbideko gogorrenetakoa; 20,7 kilometro ditu, eta 7 ordu eta 25 minututan egin daiteke. Bosgarren etapa Etzegarate eta Lizarrusti artekoa da, 14,5 kilometrokoa eta 5 ordu eta 40 minututan egitekoa. Azkena, Lizarrustitik Ordiziara doa, hau ere nahiko gogorra, bere 22,95 kilometrorekin eta ia zortzi orduko iraupenarekin.
Ibilbidea nahi den lekutik hasi daiteke, eta etapak solte egin daitezke, partzialki, edo denak jarraian. D’Elikatuz zentroak dena antolatzeko aukera eskaintzen du, alojamendua eta otorduak barne, baita motxilen garraioa ere. Informazio gehiagorako 943 88 22 90 telefono zenbakira deitu daiteke, info@rutadelquesoidiazabal.com helbidera idatzi, edo https://www.rutadelquesoidiazabal.com webgunean sartu.
Leku askotako ibiltariak
Idiazabal Gaztaren ibilbidea diseinatu zutela “urte batzuk” badirela dio D’Elikatuz zentroko Leire Arandiak, baina aurten inoiz baino ibiltari gehien dabiltza egiten, “aurretik etorri direnen ahotan dabilen kontua da, eta sare sozialetan asko zabaltzen ari da”. Gainera, aurten estatu mailan promozio berezia egin dutela zehaztu du. National Geographic Viajes irakurleen saria ere eskuratu du, eta “horrek sekulako bultzada eman dio”.
Ibiltariak maiatza aldean hasten dira, baina gehienek uztaila eta abuztua aukeratzen dute. Leku askotako jendea izaten da, “katalanak, madrildarrak, Andaluziakoak… Eta urrutiagoak ere bai, Mallorcakoak, Australiakoak… Italian bizi diren argentinarrak ere izan dira aurten”. Bertako jende asko ibiltzen dela ere zehaztu du Arandiak, “baina hemengoek etapa solteak egiten dituzte, normalean”.
Bertakoentzako zein kanpokoentzako, xarmaz beteriko ibilbidea da.