Josetxo Imazen omenezko lasterketarako izena eman daiteke
Aurtengo lasterketa irailaren 29an izango da, Lazkaon hasita eta amaituta. Memorialaren 24. edizioa da.
Josetxo Imazen omenezko lasterketa irailaren 29an jokatuko da aurten, beti bezala Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta Lazkao, Beasain eta Ordiziako udalen laguntzarekin. Memorialaren 24. edizioa izango da.
Lasterketarako izen-ematea irekita dago dagoeneko, kronoak.com webgunean, bezperara arte, hau da, irailaren 28ra arte. Parte hartzea 15 euro izango da. Gehienez 500 partaide onartuko dira. Lasterketaren egunean ezin izango da izenik eman.
Bi hitzordu izango dira: 10:00etan haurrentzako probekin, eta 11:00etan, lasterketa herrikoiarekin. Lasterketa nagusia Lazkaoko Hirigoien kaletik aterako da, eta 10 kilometroko ohiko ibilbidea izango du, Ordiziatik eta Beasaindik igarota. Lazkaon amaituko da.
Iazko irabazleak Martin Amilibia zumaiarra eta Alkizako Itziar Ibarbia izan ziren.