Beasain proba klasikoak junior mailako txirrindulari onentsuenak bilduko ditu
Igandean jokatuko da lasterketa honen 43. ekitaldia. Beasaindik abiatuta 109,4 kilometroko erronka osatuko dute. Estatu mailako 26 taldek parte hartuko dute, 250 txirrindulari baino gehiagorekin.
Iraileko lehen igandea badator, eta horrekin batera, aurten ere, txirrindularitzaz gozatzeko aukera izango da Beasainen. Beasain proba klasikoak, estatu mailako junior mailako txirrindulari onenen partaidetza izango du. 26 taldek egin dute aurre inskripzioa, 250 txirrindulari baino gehiagorekin. Loinaz txirrindularitza elkarteak eta Gipuzkoako Federazioak, Beasaingo Udalaren babesarekin antolatutako proba honen 43. jardunaldia izango da igandekoa.
Osatu beharreko erronka 109,4 kilometrokoa izango da, aurreko edizioetakoen pare. Tropela 10:30ean irtengo da Nafarroa etorbidetik, eta irteera neutralizatua izango du N-1 errepiderako sarreraraino, Ordiziarako noranzkoan. Hortik Alegiaraino joango dira lehenik, eta Goierrira itzulita, Brinkolara arteko ibilbidea osatuko dute. Handik itzulian, Gabiri, Olaberria, eta Lazkao igaroko dituzte, eta azken kilometroak, Senperetik egingo dituzte, Beasaingo helmugara iritsi arte. Tarteko bi helmuga izango dira 30. kilometroan eta 80,7 kilometroan, Beasainen, eta bost mendatek zailduko dute proba; Atagoititik bitan pasako dira, Olaberritik ere beste bitan, eta Gabiriatik behin. Lehenengo sailkatua, 13:30ean iristea aurreikusten da.
Iazko edizioan Markel Beloki gasteiztarrak, Joseba Beloki txirrindulari ohiaren semeak, irabazi zuen azken metroetan erabaki zen sprintean. Duela bi urte ere podiumean izan zen Beloki, hirugarren sailkatuta. Urte horretan Abel Odon Rosado izan zen irabazlea. Aurten irabazteko faboritoen artean Adria Pericas dago.