Erromesaldia egingo dute Arantzazura segurarrek, asteburuan
Larunbatean oinez joango dira Seguratik Arantzazura eta igandean bazkaria izango da Arantzazuko Hospederian.
Segurarrek Arantzazura erromesaldia egingo dute, urtero legez, asteburu honetan. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte herriko «usadio polit» honetan parte hartzera. Beti bezala, Arantzazura joateko hiru aukera izango dira larunbatean: 6:00etan Segurako plazatik oinez abiatuta; 8:00etan Otzaurtera doan autobusa hartuta eta 9:00etan, Aldaolara doan autobusa hartuta. 9:45ean San Adriango aterpetxean guztiak elkartuta egingo dute Arantzazura arteko bidea. Arratsaldean, 19:00etan Segurara itzultzeko autobusa egongo da.
Igandean, 10:00etan aterako da Segurako plazatik Arantzazurako autobusa. Arantzazuko Hospederian bazkaltzeko aukera izango da eta 17:00etan egingo dute itzulera. Urtero segurar ugari biltzen dituen ekimena da erromesaldiarena. Iaz, ordea, eguraldi txarra tarteko —irudian— 11 segurar baino ez ziren Arantzazura joan.
Parte hartzeko izena Segurako Estankoan eman daiteke. Gaur da horretarako azken eguna.