Iraitz Zubizarreta, beste hiru urtez Baikorekin
Zubizarreta III.ak Baikorekin duen kontratua berritu du. "Oso eskertuta" agertu da eta "emaitza politak" lortu nahi dituela esan du.
Iraitz Zubizarretak beste hiru urte egingo ditu Baikorekin. Gaur bertan jakinarazi du enpresak kontartua luzatzeko akordio batera iritsi direla. “Oso eskertuta” agertu da aurrelari ataundarra enpresaren Youtube kanalean, eta tarte hau “lanean segitzeko, ikasteko, hobetzeko eta txapelketetan emaitza politak lortzeko eta disfrutatzeko” baliatuko duela esan du. Duela lau urte egin zuen debuta Zubizarreta III.ak, Ataunen bertan. “Denbora badoa aurrera. Bidean asko ikasi dut eta esperientzia asko bizi izan ditut. Lorpen politak ere lortu ditut”, gogoratu du. Besteak beste, lau eta erdiko txapelduna da, Promozio mailan. Zubizarreta III.ak igande honetan bertan jokatuko du Zizur Txikian (Nafarroa), Eskirozekin batera, Agirre-Lizeagaren aurka.
Orain arte 182 partida jokatu ditu profesional mailan eta 103 irabazi egin ditu.