Jose Luis Hinojo, Bruce Springsteen 26 aldiz ikusi duen zumarragarra
Jose Luis Hinojo zumarragarra Bruce Springsteen-en jarraitzaile sutsua da. 26 kontzertutara joan da. Aurten, lau aldiz ikusi du: Madrilen (bi aldiz), Bartzelonan eta Stockholmen.
Dena ez da Taylor Swift eta Karol G. Rockak ere zaleak ditu oraindik. Jose Luis Hinojo zumarragarra, adibidez. Bruce Springsteen asko gustatzen zaio eta bere 26 kontzertutara joan da.
Mutikotan ezagutu zuen. “Bere musika institutu garaian ezagutu nuen, lagunok elkarri pasatzen genizkion zinten eskutik, eta asko gustatu zitzaidan. Pixkanaka, zinta gehiago lortu nituen. Bere diskografia osoa dut”. Ez da disko bakar bat hautatzera ausartzen. “Askotan pentsatu dut horretan. Ezin dut disko bakarra aukeratu. Hiru dira nire disko gustukoenak: Born to run, The river eta Born in the USA. Abesti gustukoenei dagokienez, Thunder road, Born to run, Drive all night, Point blank, No surrender eta Letter to you dira gehien gustatzen zaizkidanak”.
1992an entzun zuen lehenengoz zuzenean. “Bartzelonako zezen plazan ikusi nuen lehenengoz. 20 urte nituen. Kontzertu batera joaten naizen bakoitzean, abesti batzuekin asko hunkitzen naiz. Baina lehenengo kontzertu hura guztietan hunkigarriena izan zen”. Bigarren kontzertu bereziena Springsteenek 2016an Donostian egin zuena izan zen. Izan ere, bere familiarekin joateko aukera izan zuen. “Familiarekin eta lagun batzuekin joan nintzen. Oso berezia izan zen. Gainera, Bruce guregana hurbildu zen eta nire bi semeei gitarra jotzeko erabiltzen dituen bi plektro oparitu zizkien”.
Emaztea eta semeak ere Springsteenen jarraitzaileak dira, baina ez bera bezainbeste. Hala, kontzertu gehienetara kuadrillako lagun batekin joaten da: Josean Navarrorekin. “Kontzertuen %90era berarekin joan naiz”. Springsteenen 26 kontzertutara joan da. Musikari amerikarraren eskutik, hiri asko ezagutu ditu: Donostian, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Santanderren, Zaragozan, Valladoliden, Gijonen, Parisen, Zurichen, Stockholmen… izan da.
Aurten, lau aldiz
Azkeneko biran, lau kontzertutara joan da. “Madrilera (bi aldiz), Bartzelonara eta Stockholmera joan naiz. Europa Iparralde hiriren bat ezagutzeko gogoa nuen eta, gainera, ikusleak hemen baino lasaiagoak izango zirela uste nuen. Baina oso sutsuak dira. Izan ere, Brucek Suediarekin lotura estua du”.
Inoiz ez da hainbeste kontzertutara joan bira bakar batean. “Lehen, bira bakoitzean kontzertu batera joaten nintzen. Iaz, bi kontzertutara joan nintzen. Aurten, lau kontzertutara joan naiz. Beharbada, aurki birak egiteari utziko diola uste dudalako. Ez da berak nahi duelako erretiratuko, jarraitzeko aukerarik izango ez duelako baizik. Izan ere, ikusleekin duen harremana beharrezkoa du. Geldialdiren batean depresioa pairatu du. Ez ditu gaztetan zituen mugimenduak eta ahotsa, baina oraindik maila ona ematen du. Horretarako, bere bandaren eta koruaren laguntza du. Azken bira honetan, 18 lagun elkartu dira eszenatokian”.
Batzuei ulertezina izango zaie musikari beraren 26 kontzertutara joatea, baina Hinojok Springsteenek engantxatu egiten duela dio. “Nire ingurukoak zaletzen saiatu naiz eta engantxatu egiten duela onartu dute. Zure bihotzean hatz-marka uzten du. Hori da, hain zuzen ere, niri gertatu zaidana. Kontzertu bat amaitu bezain laster, beste batera joateko gogoa dut. Bira bat aurkezten duen bakoitzean, sarrerak salgai noiz jarriko diren begiratzen dut. Adi ibili behar da, 15 minututan agortzen baitira”.
26 kontzertutara joateaz gain, Springsteenen jaioterria bisitatu du. “New Yorkera joan ginen. Bruce ondokoa da, New Jerseykoa. Asbury Park bisitatu genuen. Bertan, The Stone Pony kluba dago. Klub horrek ematen dio izena, hain zuzen ere, nire jarraitzaile klubari. Bere abestietan aipatzen dituen tokiak eta bere jaioterria ere bisitatu genituen. Brucek dion bezala: no surrender! (ez amore eman!)”.