Rosita Maiztegi, 117 urte betetzeko prest
Rosita Maiztegi Markuleta zumarragarrak 100 urte bete ditu. Senitartekoekin ospatu du. Joan zen astean 117 urteko emakume bat hil zen eta bera ere adin horretara heltzeko prest agertu da.
Rosita Maiztegi Markuleta Bergarako (Gipuzkoa) Zapatarikua etxean jaio zen, 1924ko abuztuan. «Ama [Eugenia] Oñatitik (Gipuzkoa) Bergarara joan zen, zerbitzatzera. Aitak [Ventura], berriz, Eibarren (Gipuzkoa) lan egin zuen, eskopetak egiten. Ezkondu zirenean, taberna ipini zuten. Ama oso sukaldari ona zen. Feria egunean, inguruko baserritar guztiak gurasoen tabernara joaten ziren. Bergarako jauntxoak ere joaten ziren. Etxeko oilaskoa eskatzen zuten, en la cazuelita negra. Zumarragara etorri nintzenean, nire anaiak [Antonio] jarraitu zuen tabernan. Zapatarikua Soraluze eta Elgeta arteko bidegurutzean zegoen eta 1973an espropiatu egin ziguten, industrialdea egiteko. 33 familia kalera bota zituzten», gogoratu du.
Ordurako, Maiztegi Zumarragan bizi zen. «Nire gizona [Bernardino Urtzelai] gerratean egon zen eta estraperlista aritu zen. Frantziatik gauzak ekartzen zituen, bere anaiarentzat. Bergaran ez zuen lanik eta Zumarragara etorri zen, lagun batekin. Barreirosen tailertxo bat ipini zuen. Bergaran ezagutu genuen elkar, bandaren dantzaldian. Dantzan ez zen oso trebea, baina oso ondo abesten zuen. Ezkondu ginenean, etxe hau erosi genuen [Ramon Mendiaren etxean bizi da]. Bere laguna Durangokoa (Bizkaia) zen eta han zuen neska-laguna. Ez zuen hona etorri nahi eta ezkondu zirenean senarraren laguna Durangora joan zen. Nire senarra bakarrik gelditu zen eta Faustino Espinaren bazkide egin zen».
Maiztegiri asko kosta zitzaion Zumarragako bizimodura moldatzea. «Seme zaharrena, Jose Ramon, ezkondu eta urtebetera jaio zen. Urte hartan askotan joan nintzen Bergarara. Zumarraga hain tristea zen… Garai hartan ez zegoen autobusik eta fruta-saltzaileekin joaten nintzen Bergarara. Behin berandu itzuli nintzen. Haurdun nengoen eta Udanatik etorri ginen, elurretan. Etxeko atean, senarra zain nuen. Bergarara gehiago ez joateko esan zidan».
Azkenean, Zumarragara moldatzea lortu zuen. «Egun, ez nintzateke Bergarara joango bizitzera». Hiru seme-alaba izan zituen: Jose Ramon, Maria Eugenia eta Amaia. Garai hartan etxeetako ateak beti zabalik izaten ziren. «Oso bizilagun onak izan ditut. Maite San Miguel oso lagun ona nuen. Gaztetan alargundu zen eta elkarri laguntzen genion. Bere seme-alabak asteartean etorri ziren zoriontzera. Josu Jonek nire amak porterito deitzen ziola gogoratu du. Umetan gure etxera etortzen zen. Nire ama ezin zen ibili, egun ni bezala, eta porterito, joan eta atea zabaldu esaten zion».
Zaletasunak
Seme-alaben heziketaz arduratu zen eta heldu zirenean dendan lagundu zien. Kakorratz-lana eta puntua egitea asko gustatzen zaio eta duela gutxi birbiloba batentzako lan bat egin du. Telebista ikustea eta irakurtzea ere gustatzen zaio. Seme-alabek munduan gertatzen den guztiaren berri duela diote. «Telebistan, ETB ikusten dut batez ere. Tele5 ez dut inoiz ikusten. Pilota asko gustatzen zait. Nire pilotari kuttuna Jokin Altuna da. Bidaiatzea ere gustatzen zitzaidan. 1965ean, Phillips enpresaren eskutik, kruzeroa egin genuen. Herbehereetara joan ginen, Phillipsen fabrikara. Carmen Sevilla, Augusto Alguero bere senarra eta Aretha Franklin ere han izan ziren. Beste behin, New Yorkera joan ginen».
Dagoeneko ez du bidaiatzen, baina ez du osasunaz kexu agertzeko arrazoirik. Bi pilula bakarrik hartzen ditu: bata lo egiteko eta bestea tentsiorako. Zangoek bakarrik kale egiten diote. «Zorionez, Zumarragan kaleak primeran daude gurpildun aulkian ibili behar garenontzat».
Urtebetetzea Etxeberri jatetxean ospatu du. 40 bat lagun elkartu dira: seme-alabak, bilobak, birbilobak eta beste senitarteko batzuk. Urtebetetze gehiago ospatzeko asmoa du. «Duela gutxi 117 urteko emakume bat hil da eta amak ailegatzen banaiz… esan zuen. Gu ez gara egongo!, erantzun nion», esan du Jose Ramon semeak.