Sai arreak behatzeko irteera gidatua Arantzazun
Aizkorri-Aratzen habiak egiten dituzten hegazti sarraskijaleak teleskopioz behatzeko irteera gidatua antolatu du Arantzazuko parketxeak, iganderako.
Aizkorri-Aratz natura-parkea leku ezin hobea da sai arreentzat, bertan aurkitzen da Gipuzkoako koloniarik handiena. Animalia sarraskijale hauek ezinbestekoak dira hildako animalien gorpuak birziklatzeko eta mendiak garbi mantentzeko. Oso ohikoa izaten da sai arreak inguru hauetan hegan ikustea, baina zer dakigu beraien inguruan?
Arantzazuko parketxearen inguruko harkaiztietako sai arreen bizimoduari eta ohiturei buruz gehiago jakiteko jarduera gidatua egingo dute irailaren 1ean (igandea). Ekintza sai arreen inguruko hitzaldi labur batekin hasiko da eta ondoren, hegazti hauek teleskopio bidez ikusteko aukera izango dugu Arantzazun bertan.
Jarduera 10:30etan hasiko da, parketxeko ingurumen hezitzailearen azalpenak entzun ostean, eta 11:00ak aldera hasiko dira behaketarekin. Edozein herritarrentzat egokia da, batez ere txorien inguruan interesa duen pertsona ororentzat. Prismatikoak eramatea gomendatzen da.
Prezioa pertsonako 6 eurokoa izango da, 12 eta 3 urte bitartekoentzat 4 euro eta 3 urtetik beherakoentzat doan. Izena ematea derrigorrezkoa da, plaza mugatuak izateaz gainera, eguraldia dela medio, azken orduko aldaketaren bat balego, antolatzaileek izena eman dutenei abisua emateko aukera izango dutelako.
Izena emateko eta informazio gehiagorako:
— 943 78 28 94 / 699 335 183
— arantzazu@gipuzkoanatura.eus
— www.gipuzkoanatura.eus