Udal tasetan laguntzak eskatzeko epea irailaren 2an irekiko dute Beasainen
Ur-hornidura, zabor bilketa eta kiroldegiko tasetarako izango dira laguntzak.
Udal tasetan laguntzak emango ditu Beasaingo udalak, behar gehien duten biztanleen karga ekonomikoa arintzeko helburuarekin. Hala, diru-sarrera txikiak dituzten pertsonek, ur-horniduraren, zabor bilketaren eta Antzizar kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeagatik tasak ordaintzeko hobariak izango dira.
Hobaria lortzeko, eskatzailearen bizikidetza unitateak ez du gainditu behar ezarritako baremoa: diru-sarrerei dagokienez, elkarbizitza unitatearen arabera, 14.358,99 euro eta 20.396,21 euroren artean dago muga; eta ondarearen muga, 20.000 euro eta 30.000 euroren artean.
Gastuaren %30etik %100era laguntzeko hobariak izango dira, egindako gastuaren eta betetzen diren baldintzen araberakoa.
Irailaren 2tik 30era egin daitezke eskaerak Igunean, posta arruntaren bidez edo telematikoki www.beasain.eus webgunean. Etxebizitza bakoitzeko eskaera bakarra egin ahalko da.