Ziklo-kros denboraldiko hiru proba jokatuko dira Goierrin
Ataun San Martin proba berreskuratu dute, eta azaroaren 3an jokatuko da. Beste biak Seguran, abenduaren 7an, eta Ormaiztegin izango dira, urtarrilaren 5ean.
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak gaur jakinarazi ditu udazkenetik aurrera jokatu den ziklo-kros denboraldiaren egutegia.
Hego Euskal Herrian jokatuko diren hemeretzi lasterketetatik hamabi Euskal Rankingaren barrukoak izango dira. Horietatik hiru Goierrin dira.
Rankingeko probak Elorrion hasiko dira urriaren 27an, eta azaroko lehen asteburuko zubia baliatuz, hiru egunez jarraian izango dira lasterketak, Tolosan, Zornotzan eta Ataunen. Azken herri horretan ziklo-kros proba berreskuratu dute, Ataun San Martin Ziklo-Kros proba izenpean. Azaroaren 3an da Agauntza Kirol Elkarteak antolatutako lasterketa.
Segurako V. Ziklo-Kros saria abenduaren 7an jokatuko da, eta rankingeko azken proba Ormaiztegin jokatuko da –53. edizioa du–, urtarrilaren 5ean.