Larunbatean jokatuko da 92. San Bartolome Saria
107,5 kilometroko lasterketa izango da eta 9:30ean hasiko da plazan. Momentuz, 154 txirrindularik emana dute parte hartzeko izena.
Aurten jaietako egitarautik kanpo geratu bada ere, hutsik egin gabe jokatuko da larunbatean, 92. San Bartolome Saria Zegaman. Zegamako txirrindulari proba ezinbesteko hitzordua bilakatu da afizionatuen mailako lasterkarien artean. Etziko proba, azken urteetan bezala, Lehendakari Txapelketarako puntuagarria izango da.
Zegamako Elkartu Nahi txirrindulari elkarteak antolatzen du proba Zegamako Udalaren laguntzaz. Aurreko edizioetan bezalatsu, 107,5 kilometroko lasterketa luzea izango da eta 9:30ean emango diote hasiera herriko plazan. Momentuz, 154 txirrindularik emana dute parte hartzeko izena.
Lasterketa Segura, Idiazabal, Olaberria, Ormaiztegi, Mutiloa eta Zeraingo udalerrietatik igaroko da. Ibilbidean zehar, Lierniko gaina igo beharko dute txirrindulariek lau bider, Barbarikoa bitan eta Mehatzetako gaina behin, egin beharreko ahaleginari zailtasuna gehituz. Lehendabizikoak eguerdia pasatxo iritsiko dira.