Aitor Aldasoro izango da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea
"Pozik" helduko dio kargu berriari, euskararen arloan lan egiteak motibatu egiten duelako. Beasaindarra ikasturte politikoaren lehen Gobernu Kontseiluan izendatu dute sailburuorde. Ekainera arte Ingurumen eta Jasangarritasun sailburuordea izan zen.
Aitor Aldasoro Iturbe beasaindarra izango da aurrerantzean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea. Ikasturte politikoko lehen Gobernu Kontseiluaren azken-aurreko puntua izan zen izendapen eta kargugabetzeena. Atzo egin zuten kontseilua, Imanol Pradales lehendakaria buru zela.
Aldasoro “oso pozik” agertu da izendapenarekin. “Abertzale batentzat euskara berezia da eta politika arlotik eragiteko aukera izateak barruak ukitzen dizkizu”, gaineratu du. Zehazki, Aldasororen ibilbide politikoa euskarari lotuta hasi zen: 2003. urtean Euskara zinegotzi izendatu zuten Beasaingo Udalean, Patxi Plazaolaren lehen agintaldian. 2015. urtean berak hartu zuen alkate kargua, 2020. urtera arte.
Udaletxetik Legebiltzarrera egin zuen, handik Jaurlaritzara egiteko: Ingurumen eta Jasangarritasun Saileko aholkulari izan zen aurrena eta 2023ko uztailetik aurtengo ekainera, sailburuorde. Azken udal hauteskundeetan zinegotzi hautatu zuten beasaindarrek. Miren Dobaran ordezkatuko du.