Beasain KE taldeak berrituta helduko dio ligari irailaren 7an
Hamar fitxaketa egin ditu Beasainek denboraldi berrirako. Denboraldi aurreko partida jokatuko dute larunbatean. Bazkide kanpaina irailaren 1etik aurrera jarriko dute martxan.
Beasain Kirol Elkartearen aurreneko futbol taldea, denboraldi aurreko prestaketa partida jokatzeko lanean ari da. Hirugarren Mailan lehiatuko den taldea uztailaren 30ean hasi zen entrenatzen, eta aurreneko indar neurtzeak egiten ari da asteotan. Denboraldi berriko liga hasi aurretik, sei lagunarteko jokatuko ditu Mikel Arruabarrenak zuzendutako taldeak. Larunbatean, Anaitasunaren aurka jokatuko dute, Loinaz futbol zelaian, 11:30ean hasita. 2024-2025 ligako lehenengo partida berriz, irailaren 8an jokatuko dute, Durangoren kontra, aurkariaren zelaian. Irailaren 15ean estrinatuko dute liga etxean, Deusturen kontra.
Uztailean aurkeztu zuten denboraldi berriko taldea, Kepa Lasa presidentearen ongi etorriarekin hasita. Egitura aldetik ez du aldaketarik klubak: zuzendaritza berak jarraitzen du, eta aulkian Mikel Arruabarrena entrenatzaileak gidatuko du taldea, bigarren modura Luis Clemente duela.
Iazko taldea baino nabarmen gazteagoa da aurtengoa. 10 baja izan dira, eta 9 jokalari berri iritsi dira, denak gipuzkoarrak. Donostia, Lazkao, Villabona, Pasaia, Zarautz… herri askotako balioak batu ditu Beasainek.
21 jokalarirekin aurre egingo dio Beasainek 2024-25 denboraldiari eta mailaz igotzeko fasearen borrokan sartzeko helburuari: segiko dutenak, Martin Artetxe, Aitor Morcillo, Aritz Eguren, Asier Sansinenea, Alex Iriondo, Julen Zubillaga, Iker Salamanca, Julen Etxeberria, Iban Claver, Markel Pita, Borja Lopez de Agileta eta Beñat Eizagirre; fitxaketa berriak, Unai Vea (Pasaiatik etorritako atezaina), Alejandro Nores (eskuin hegalekoa, Realetik), Asier Lazkano (Pasaiatik, erdilaria), Eneko Lizaso (Realetik, erdilaria), Julen Olasagasti (Ondarroako Aurrera taldetik, erdiko atzelaria), Beñat Gonzalez (Touringetik, erdilaria), Koldo Ferrer (Pasaiako erdilaria), Eñaut Mendia (Lagun Onaketik, aurrelaria) eta Ander Bengoetxea (Lagun Onaketik, aurrelaria); eta bajak, Iraitz Gelbentzu, Iban Balerdi, Julen Etxaniz, Josu Rezola, Jon Artzamendi, Mikel Aizpurua, Alain Eizmendi, Eneko Eizmendi, Ander de la Parra eta Ximon Aranguren.
Bazkide kanpaina
Datorren, igandean, irailak 1, Beasain KE-ko bazkide kuotaren ordainketa helbideratuta duten bazkideei 2024-25 denboraldiko zenbatekoa kobratuko zaie. Helbideratuta ez dutenek lehen taldeak Loinaz zelaian jokatuko duen lehen partidutik aurrera bertako leihatilan ordaintzeko aukera izango dute.