«Lehenengo helburua play-offetara sartzea izango da»
Beasainen lehen taldeko entrenatzaile Mikel Arruabarrenak denboraldi hasierako lanaz, taldean izan diren aldaketen inguruan eta finkatu dituzten erronkez hitz egin du.
Uztailean hasi zineten lanean. Zer moduz hasi duzue liga aurrekoa?
Oso gustura. Jende berri asko etorri da, taldea gaztetu egin da. Elkar ezagutzeko asteak izaten ari dira, taldea egiteko asteak. Partida batzuk jokatzeko aukera ere izan dugu, eta egiteko asko badago ere, orokorrean, oso gustura ikusitakoarekin. Jokalari berriak, dakartena erakusteko eta era berean ikasten jarraitzeko gogoz etorri dira, eta aurretik zeudenak, haien esperientzia partekatzeko jarreran daude.
Hamar jokalari berri izango dira.
Oso ezaugarri desberdinak dituzte, posizio guztietan jokatzen dutenak. Ahalegindu gara, iazko denboraldiko hutsuneak betetzen eta, era berean, ziklo aldaketa bat egiten. Uste dut talde oso konpentsatua osatzea lortu dugula.
Zeintzuk dira helburuak?
Pausoz pauso joan behar dugu, lanak ondo egin, taldea ondo landu, eta horrela, aurreko denboraldiko helburuetara iristea bilatuko dugu. Lehenengo play-offetan sartzea izango da helburua. Maila igoerako ateetara iristeko, lehenengo kanporaketetara iritsi behar dugu. Esan bezala, pausoz pauso.
Egutegiari dagokionez, zer deritzozu?
Alde onak eta txarrak ikusten dizkiot. Oso egutegi gogorra izango dugu. Oso talde gogorren aurka jokatu beharko ditugu aurreneko bost jardunaldietan; Durango, Deustu, CD Touring, Eibar C eta Portugalete. Bost partida hauek denboraldi hasieran izatea badu bere alde ona, oraindik automatismoak martxan jarri gabe izango direlako. Gu gogoz gaude liga hasteko, eta egunetik-egunera hobetzen joateko.
Zaletuentzat mezuren bat?
Osatu dugun talde berriaren lana erakusteko gogoz gaudela eta, egia esan, ikaragarri eskertzen dela harmailetan zaletuen babesa izatea. Beraz, ea ahal duten guztietan inguratzen diren Loinaz udal futbol zelaira taldea animatzera.