Ekhi Irribarria, munduko txapeldun
Aramako pilotariak 22 urtez azpikoen munduko txapelketa irabazi du, Iruñean. Bi setetan gailendu da. "Halakoak ezin dira pasatzen utzi. Jokatu, eta irabazi"
Ekhi Irribarriak ez du parekorik mundu osoan, ez behintzat 22 urtez azpikoen artean. Aramarrak munduko txapela lortu du gaur arratsaldean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. “Oso kontentu”, dagoela esan du. “Munduko txapelketa jokatzeko aukera eskaini ziguten eta halakoak ezin dira pasatzen utzi. Jokatu, eta irabazi. Gustura”. Mexikoko Fernando Medina garaitu du, bi setetan, 10-0 eta 10-1. “Kanpotik erreza dirudi, baina barrutik ez da horrela. Tentsioa, presioa, faboritoaren zama… Beti dago puntu bat. Lehen partidan zuri-zuri irten nintzen, oso urduri, baina gaurkoan lasaiago atera naiz”.
Abuztuaren 25etik 31ra jokatu da 22 urtez azpiko Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Buruz buru, binaka, zestarekin, palan, gizon zein emakume… aritu dira Argentina, Bolivia, Kuba, Espainia, Frantzia, Mexiko eta Peru. “Astebete egon gara, denok elkarrekin erresidentzia batean bizitzen. Harreman ederrak egin ditugu eta lortutako emaitzekin oso gustura”. Irribarria buruz buru aritu da, Iker Amianorekin batera; bakoitzak bina partida jokatu ditu, txandaka.
Neurtuta ospatuko du lorpena, “txintxo-txintxo, pasa gabe, hemendik aurrera partida gehiago izango direla”. Dena dela, pilotari guztiek elkarrekin afaria egingo dute.