Eskualdeko lau ikaslek Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso dute
June Aiestaranek, Joanes Plazaolak, Lucia Garmendiak eta Aiora Jauregik Urruzuno literatur lehiaketa saria atera dute. Eusko Jaurlaritzaren egoitzan izan da sari banaketa
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak June Aiestaran eta Aiora Jauregi beasaindarrak eta Joanes Plazaola eta Lucia Garmendia urretxu-zumarragarrak saritu ditu, Urruzuno literatur lehiaketaren bidez, idazteko duten talentuagatik. Sarituak zirela duela hilabete batzuk jakinarazi zuten arren, atzo egin zuten sari-banaketa ekitaldia, Jaurlaritzaren egoitzan. Han izan zen, besteak beste, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua. Idazteko ahaleginean “esfortzuz eta konpromisoz” jarraitzera eta euren talentua eta sormena garatzera animatu zituen ikasleak, “etorkizunean irakurzaletasuna, gure kultura eta hizkuntza sustatzen lagundu ahal izan dezaten”.
Aiestaranek bi sari jaso zituen: bat, A prosa kategoriako sari potoloa, Besarka zaitzadan lanarekin. Bestea, A posia mailako bosgarren saria, Belarritako bat mesanotxean olerkiarekin; Joanes Plazaolak ere lehen sari bat eskuratu zuen, B prosa atalean, Sara idazlanarekin; Lucia Garmendiak hirugarren bukatu du A prosa atalean, Polaroid bat paperen arten lanarekin; eta Aiora Jauregik, seigarren, B poesia multzoan, Denboraren amildegiak-ekin.
Garaikurrez gain, Arantzan (Nafarroa) egindako bost eguneko egonaldian parte hartzeko aukera izan dute. Bertan, idazketaren munduan interesa duten ikasleen artean komunitatea sortzeko aukera izan dute. Jardunaldiak, ikastaroak eta errezitaldiak izan dituzte, literaturaren eta musikaren arloko pertsona nabarmenekin batera. Esaterako, Patxi Zubizarreta ordiziarrak egin die bisita. Idazleak bere ibilbidean bizitako esperientziak elkarbanatu zituen gazteekin, eta haien idazketa eta sormen-lana hobetzen jarraitzeko gomendioak eman zizkien.
Azkenik, urtero bezala, Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratu du, Sagastiberri bildumaren barruan, idazlan irabazle guztiekin. Liburu hori lehiaketan parte hartu dutenei eman zaie ekitaldian eta datozen egunetan bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, Berritzeguneetan eta liburutegietan ere banatuko da. 2024ko edizio honetan, guztira 278 idazlan aurkeztu dira lehiaketara: 92 poesian eta 186 prosan.