"Lan oso-oso ona egin da, eta horren emaitza da"
Alex Diaz (Urretxu, 2001) profesional mailan arituko da datorren urtean. Zegaman lehiatu da gaur, eta afizionatu mailan Euskal Herrian egingo duen azken lasterketa izanik, etxekoak eta lagunak alboan izan ditu. Diazekin, hiru izango dira Urretxu eta Zumarragakoak goi mailako tropelean.
Alex Diaz urretxuarrak Caja Ruralen lehen taldera egingo du jauzi. Aurten afizionatu mailan lehiatu da eta sei garaipen lortu ditu, tartean Nafarroako Itzulia. Horrek profesionalekin lehiatzeko aukera eman dio.
Cajar Rural lehen taldean arituko zara hurrengo sasoian. Gustura ala bertigoa ematen du?
Oraintxe bertan, oso oso pozik. Baina egia da azken hilabeteak gogorrak izan direla, gauzak ez zeudelako oso argi. Ekainean iragarri zuten taldekide batek datorren urtea lehen taldean egingo zuela eta pentsatzen genuen beste bat ere igoko zutela, baina ezer ez genekien. Lan egiten jarraitu besterik ez nuen, eta orain iritsi da saria. Gogo askorekin nago.
Zer eskatu dizute nagusiek?
Ez dugu askorik hitz egin, baina lehen urtean nahikoa izango dut mailara egokitzen. Ikasten jarraitu nahi dut.
Xabier Isasa eta Nicolas Alustiza Euskaltelen, orain zu Cajar Ruralen… Zer ematen dizuete Goierri Kirol Elkartekoek gosaltzeko?
Lan oso-oso ona egin da, eta horren emaitza da. Gainera, Isasa eta biok adinkideak gara eta elkarrekin lehiatutakoak gara. Talde oso polita egin genuen, giro aparta genuen.
Aurten Euskal Herrian lehiatuko duzun azken lasterketa izan da Zegamakoa.
Kuadrillakoak eta familiakoak etorri dira. Ama ere bai; normalean ez da ni ikustera joaten, oso urduri jartzen delako, baina gaur babesa ematen zeuden. Liernian ikusi ditudanean fisikoki ez nindoan nire onenean, baina indarra eman didate.
Zer moduz moldatu zara?
Oso gaizki pasatu dut. Portu guztietan geratu naiz, baina nire erritmoa hartu eta ez dut denbora askorik galdu aldapa gora. Baina lehen bi orduak bereziki, oso gaizki pasatu ditut. Bero gehiegi, hezetasuna, denboraldia aurrera doa eta urte hasieratik topera nabilenez formaz apur bat pasatuta nago…
Atsedena hartzeko aukerarik izango duzu?
Datorren artean Salamancako Itzulia lehiatuko dut. Bi egun dira, asteburuan. Handik Galiziara joango naiz, 12tik 15era. Gero bai, atsedena.
Urte oso ona egin duzu eta hainbat garaipen ere lortu dituzu. Bukatzeko pena duzu?
Denboraldia oso ona izan da. Martxo-apirila artean ez nituen nahi nituen emaitzak lortu, baina gero lortu dut erregular ibiltzea eta oso gustura ibili naiz.