Rocketik, euskal kantagintza tradizionalera
Legazpiko Brinkolan jaiak ospatzen ari dira. Gaur, 1974. urtean auzoan egin zen jaialdia gogoratuz, euskal kantagintzaren inguruko mahai-ingurua eta kantaldia egin dituzte. Arrakastatsuak izan dira.
Legazpiko Brinkola auzoko San Agustin jaietako klasiko bat izaten da ostiraletako rock kontzertua. Badira ia 30 urte hala dela eta, atzo, Eraso, Rodeo eta Letagin taldeek jarraipena eman zioten ohiturari. Hirurek dituztenez euskarazko abestiak, euskal kantagintzaren barnean sar daitezke. Horren zabala eta historia luzekoa da euskal kantagintzaren kutxa, gaur goizean mahaingurua antolatu dutela auzotarrek, 1974. urtean Brinkolan izan zen jaialdia ardatz hartuta.
Garaiko izen handienetariko gehienak elkartu ziren duela 50 urte Brinkolan: Pantxoa eta Pello, Benito Lertxundi, Jon Enbeita, Egan taldea, Koro Urbieta… Horietako asko, gaur ere, bertan izan dira. Joxe Angel Urbieta (Benito Lertxundiren iloba da), Migel Urteaga (Zumarragako Trikitixakoa), Peio Ospital, Koro Urbieta, Pantxoa Karrere, Jose Mari Telleria segurarra eta Jon Enbaita, Jokin Matxinandiarenaren gidaritzapean. Xabier Saldias Egan takdekoa ere gonbidatuta zegoen, baino gaixoaldi bategatik ezin izan du parte hartu. Bertan esandakoak astean zehar aletuko ditu GOIERRIKO HITZAk. Aretoa lepo bete da, eta jendea eseritzeko tokirik gabe ere gelditu da.
Ez dira hitz eta pitz bakarrik aritu. Musika ere izan da, noski. Legazpiko Goiz Deia txistulari taldekoek hainbat pieza jo dituzte. Bazkalostean, berriz, kantaldia izan da. Aurreikusi baino geroago hasi da jaialdia, ekaitzak gogor jo baitu Brinkolan, baina jendea ez du uxatu. Arratsaldeko saioan ere karpa bete egin da. Besteak beste, Pantxoak eta Peiok elkarrekin abestu dituzte abesti batzuk, 2016. urtean bereizi egin ziren arren.