Musika eta kirola Usurbe mendiko jaietako festen ardatz
Usurbe mendiko jaia ospatu dute gaurkoan eta musika eta kirola izan dira festaren ardatz. Jende ugari ibili da goizean zehar eta arratsaldean ere egitarauak aurrera darrai.
Irailarekin batera iritsi dira aurten ere Usurbe mendiko jaiak. Atzo gauean eman zioten hasiera jaiari auzotarrek, afariarekin eta mus txapelketarekin. Gaur, berriz, egun handia izan dute eta asko eta asko izan dira gaurkoan Usurbera igo direnak, beste batzuk, aldiz, Agortan bertan geratu dira musikaz, kirolaz eta bertako pintxo eta edariez gozatzeko asmoz. Goizeko 10:45etan meza izan dute Usurbeko gurutzearen bueltan, trikiti- zein bertso-hotsa lagun. Eguerdi aldera, berriz, Gaspar Goikoetxeari eta Lurdes Urdangarini omenaldia egin diete egindako lanaren aitortza gisa. Jarraian, Jokin Leundaren oroimenean agurra eskaini dute eta herri-kirolei eman diete bide segidan.
Jai hauetan ohikoa dute Usurbe igoera lasterketa eta aurtengoa XVIII.edizioa dute. Goizeko 11:30etan abiatu dira korrikalariak Beasaingo Artzaieneko plazatik eta 4,7 kilometroko erronka maldatsua izan dute. Korrikalariak maldan gora zihoazen bitartean Aizkorri Mendizale Elkartekoak maldan behera iritsi dira Murumenditik itzulia egin ondoren Agortara eta bertan zeudenek ongi etorria egin diete.
Arratsaldean
Bazkalostean musika ez da faltako Usurbe mendiko festan, izan ere, Laja eta Narbaizarekin erromeria izango dute arratsaldean eta aurretik, arratsaldeko 17:00etan etxeko txikienen tartea izango da, haur jolasekin.