Aizpea gaztandegiko Eli Arrillaga, Ordiziako txapelketari begira
Gipuzkoako gazta onenaren saria jaso du Olaberriko gaztandegiak, atzo Legazpin ospatutako Artzain Eguneko txapelketan.
«Oso-oso pozik» hartu du Gipuzkoako Artzain Gazta txapelketaren saria Aizpea gaztandegiko Eli Arrillagak. Atzo jaso zuen, Mikel Etxezarreta senarrarekin batera, Legazpin ospatu zen Artzain Egunean zehar. «Negua gogorra izaten da, lana, nekea, eta horren ondorioz horrelako saria jasotzeak egundoko poza ematen du” adierazi du gaztagileak saria jaso eta biharamunean, “lanean ondo ari garen seinalea da, eta jarraitzeko indar pixka bat gehiago ematen du».
Gazta ketua da Gipuzkoako onena, apirilean egindakoa. «Gatzagiarekin egiten dugu guk gazta, eta hau ez zen oso fuertea, baina bazuen gatzagi puntua. Testura leun samarra zeukan. Gure ustez, gazta konpleto samarra aurkeztu genuen».
Uste horrekin joan ziren atzo Legazpiko txapelketara, eta epai mahaiak sariarekin berretsi zien ustea. Orain, hurrengo txapelketan dute begia jarrita, Ordiziakoan. «Ordiziakoa pendiente dugun saria da. Gainontzeko lehiaketa guztietan lehenengo saria jasota gaude, baina Ordizian kostatu egiten zaigu. Baditugu bigarrena eta hirugarrena irabazita, baina lehenengoa ez. Egunen batean eroriko den esperantzarekin aurkeztuko gara aurten ere, ilusioz».