Artzain Eguna, gazta lehiaketa baino askoz ere gehiago
Aizpea gaztandegia ez zen atzoko protagonista bakarra izan Legazpiko festan.
Olaberriko Aizpea gaztandegiak irabazi duen Gipuzkoako gazta txapelketa baino askoz ere gehiago da Legazpin iraileko lehen igandean ospatzen den Artzain Eguna. Legazpi artzainen eta gaztagileen topaleku bihurtzen da egun horretan, eta artzaintzaren inguruan antolatzen den egitarauak jende ugari erakartzen du herriko plazara eta ingurura goizean, eta Urtatzako zelaietara arratsaldean, artzain txakurren txapelketaren aitzakian.
Atzo zen iraileko lehen igandea, eta Legazpik festa handia bizi zuen egun osoan zehar, eguraldiak lagunduta, eta artzainez eta gaztagileez gain, izan zituen protagonista gehiago: ardiak eta gazta, agintariak, artisauak, ardi okela prestatzen adituak diren sukaldariak (Lekanazpi elkarteak irabazi zuen lehiaketa), omenaldiak, ardi moztaileak, sagardo ekoizleak, baserritarrez jantzitako gazte kuadrillak, haurren jolasak, musikariak, artzain txakurrak (Mutrikuko Jabier Zubiaurreren Mendi txakurrak irabazi zuen txapelketa)…