Brinkolakoak, euri jasa bortitzenak ere zapuztu ezin dituen festak
Amaitu dira ohi baino laburragoak baina oso trinkoak izan diren San Agustin jaiak. Larunbat arratsaldean jo zuen ekaitzak lehia egin zion une batez 1974ko jaialdia gogoratzeko kantaldiari. Pantxoa eta Peio bikotea elkarrekin izan zen oholtzan, eta hainbat abesti eskaini zituen.
Ohi baino motzagoak izan dira Brinkolako jaiak aurten, eta ekaitz bortitz batek arriskuan jarri zuen larunbateko ekitaldi nagusia, 1974ko jaialdia gogoratzeko karpa azpian bildutako guztiak beldurtuz. Ekaitza igaro zen ordea, eta musikariak oholtzara igota, kantaldi bikaina eskaini zuten, kanpoan egiten zuen eguraldi kaxkarra ahaztu araziz publikoari.
Duela 50 urte Brinkolan kantatu zuten Pantxoak eta Peiok ere mikrofonoak hartu, eta eskaini zituzten abesti batzuk. Zumarragako trikitixa, Joxe Angel Urbieta, Xabier Barriola, Maria Redondo, Amaia Aranguren, Jesus Castillejo eta Iñigo Caballero izan zituzten ondoan. Kantaldi bikaina eskaini zuten guztien artean. Auzotarrek ere parte hartu zuten, Brinkolako ereserkia eta Iñaki Azarolari eskainitako abestia kantatuz.
Baina jaialdi horrez gain, aurtengo San Agustinetan ere izan dira ekitaldi gehiago, eta musika ugari ere bai, Txost taldeak eta txalapartariek ostiral arratsaldean egindako pregoiaren ondoren. Haurrentzako jolasak, David Guerreirok eta Josu Saez de Nanclaresek irabazi zuten tortilla lehiaketa, eta Lekanazpiko kideek prestatutako paellarekin egindako afaria izan ziren lehen hitzorduak. Karpa jendez bete zuten gero Letagin, Rodeo eta Eraso taldeen doinuek, eta txosna osoa dantzan jarri zuen amaieran Dj Woolenek, festa goiza argitu arte luzatuz.
Larunbata, Goiz Deia txistularien goiz eresiarekin hasi zen, eta ondorengoa, ia osorik gorde zen 1974ko jaialdia gogoratzeko ekitaldietarako, eta goizean mahai inguruan bildu ziren bertan parte hartu zuten kantarietako batzuk: Joxe Angel Urbieta, Benito Lertxundiren iloba, horren izenean, Zumarragako Triktixako Migel Urteaga, Pantxoa eta Peio, Koro Urbieta eta Jose Mari Telleria. Herri bazkaria egin zen gero karpapean, eskusoinuaren doinuak lagunduta, eta amaitzeko, ekaitzari aurre egin zion jaialdia. Bola txapelketa bertan behera utzi behar izan zen, eguraldiaren ondorioz.
Jaiak bukatzeko, afarian bildu ziren auzotarrak Armuño elkartean, eta dantza saio ederrak egin zituzten Elustondo anai-arreben trikiti doinuek lagunduta.
Aurtengo San Agustin jaiak joan dira, eta orain balantzea egiteko garaia dator, eta hurrengo urteari begira jartzea ere bai.