Errekabeltzeko gertakaria salatzeko elkarretaratzea egingo dute Zaldibian
'Aralarren alde, erasorik ez!' lemapean bilkura deitu dute Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Aralar Bizirik taldeak. Ostegunean izango da, 18:30ean.
Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Aralar Bizirik taldeak elkarretaratzerako deia egin dute ostegunerako, hilak 5. Bilkura 18:30ean izango da Zaldibiako plazan, Aralarren alde, erasorik ez! lemapean.
Joan den abuztuaren 22an bi talde horietako kide batek Errekabeltzen aparkatua zuen autoari eraso egin zioten, lau gurpiletako balbulak moztuz. Osasun larrialdi bat izan eta autora jaitsi zenean ohartu zen gertatutakoaz, eta artzain baten laguntzaz jaitsi ahal izan zuen Beasaingo osasun zentrora.
“Aralar Bizirik eta Landarlanen izenean herritarrei eta edozein eremuko ordezkariei dei egiten diegu erasoa jasan duenari eta bere familiari elkartasuna adierazi, erasoa gaitzetsi eta bizikidetzaren aldeko aldarria egiteko”, dio bi taldeek helarazitako oharrak.
Zaldibiako Udalak, Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Zaldibiako Gailurrerantz Mendi Elkarteak joan den astean kaleratu zituzten gertakaria salatzeko oharrak.