«Horrelako mailako txapelketa bat jokatzeak ilusioa egiten du»
22 urtez azpiko buruz buruko munduko txapeldun berria da Ekhi Irribarria (Arama, 2005). Iruñeko Labrit pilotalekuan jantzi du txapela.
Txapel bat gehiago jantzi du asteburuan Ekhi Irribarria Olazabal Aramako pilotariak, 22 urtez azpiko Munduko Euskal Pilota Txapelketan, Espainiako selekzioa ordezkatuz. Argentina, Bolivia, Kuba, Espainia, Frantzia, Mexiko eta Peruko federazioetako pilotariak aritu dira lehian Iruñean, abuztuaren 25etik 31ra bitartean. Familiakoen eta lagunen babesarekin jokatu zuen finala larunbatean, Labrit pilotalekuan.
Izen handiko titulua irabazi du asteburuan, 22 urtez azpiko buruz buruko munduko txapeldunarena.
Ilusio handia egiten du. Horrelako mailako txapelketa bat jokatzeak ilusioa egiten du, eta hainbeste lan egin ondoren gehiago.
Aurten etxean jokatu da munduko txapelketa, Iruñean, Labriten.
Beste puntu bat ematen du horrek. Kanpora joateak ere badu xarma, toki berriak ezagutzeko aukera izaten delako. Baina bertan izanda, inguruko guztiak bertan izan dira. Ilusioa egiten du.
Buruz burukoa irabazi duzu.
Selekzioan hiru modalitate zeuden: zesta, pala eta eskuz. Eskuko modalitatean, binakakoa eta buruz burukoa jokatu dira. Ni buruz burukoan aritu naiz.
«Mailari dagokionean, guk beste puntu bat badaukagu, baina gu faborito izate horretan, presioa ere izaten da, eta horrek badakar zailtasuna»
Larunbatean, finalean, Mexikoko Fernando Medina izan zenuen aurkari.
Gogorra izan zen. Mailari dagokionean, guk beste puntu bat badaukagu, baina gu faborito izate horretan, presioa ere izaten da, eta horrek badakar zailtasuna. Badakigu mexikarrak ere ondo jokatzen dutela pilotan, pilotatik bizi dira, egunero jokatzen dute pilotan.
Jokatzeko moduan, ezberdintasun handia al dago?
Bai. Guk beste erritmo batean jokatzen dugu. Efektuak-eta dezente erabiltzen dituzte, baina hemengo pilotekin, munduko txapelketako pilotekin aldea badago. Beste txispa batekin jokatzen dugu guk hemen.
Tanteoa ere desberdina izan da, hamarreko bi setetara jokatu duzue. Zuk biak irabazi dituzu, 10-0 eta 10-1.
Espainiako txapelketan ere horrela izaten da. Hamarreko bi set jokatzen dira. Bana irabaziz gero, hirugarrena bostera jokatzen da. Egia esanda, ni aurten hasi naiz modu horretan jokatzen eta gustatu zait. Hori bai, bere alde ona eta txarra dauka. Berehala pasatzen da, batez ere buruz buruan. Sakea hartuz gero, min handia egiten daiteke. Bostera jokatzen den hirugarren seta oso txarra izaten da, buruz buruan, konturatzerako egiten dira-eta bost tanto.
«Pilotari orok nahi du profesionaletara iritsi. Lanean jarraituko dugu eta esperantza hori mantenduko dugu»
Txapel batzuk badituzu etxean. Txapel hori aurrerako bidea egiteko lagungarria izango da.
Nahi baino gutxiago dauzkat! Ea horrela den. Afizionatuen mailan nabil orain, eta esperantza beti egoten da. Pilotari orok nahi du profesionaletara iritsi. Lanean jarraituko dugu eta esperantza hori mantenduko dugu.
Hemendik aurrera zer?
Lana! Ikasketak [ingeniaritza mekanikoa] eta txapelketak. Lezoko (Gipuzkoa) txapelketa hasiko da orain. Bikotekakoan ariko naiz, Irazustabarrenarekin.