Ilintiri esker, 50 euroko erosketa 40 euroren truke
Bihar, irailak 5, hasiko da bonuak saltzen, eta urriaren 31ra arte erabili ahal izango dira. Ilintiren establezimenduetan bakarrik gastatu ahal izango dira bonuak.
Legazpiko Ilinti merkatari elkarteak kanpaina berria jarri du martxan, herritarren oporretako itzulera errazteko. 10 euroko bonuak jarriko ditu salgai, 50 euroko balioarekin guztira, baina erosleek 40 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte. Bonuak bihar hasi eta irailaren 13ra arte egongo dira salgai, edo amaitu arte.
Ilinti elkartearen lokalean erosi beharko dira, Saturnino Telleria 1ean, lehengo musika eskolan, 09:00etatik 16:00tara. Bonuak erosteko NAN-a eraman beharko da, eta NAN bakoitzeko bonu sorta bakarra salduko da. Hala ere, pertsona batek bi NAN aurkeztuta bi bonu sorta erosi ahal izango ditu. Erosleak 18 urtetik gorakoak izan behar dira.
Urriaren 31ra arte gastatzeko
Bonuak erosketa egitean aurkeztu beharko dira, baina erosketa gutxienez 10 eurokoa izan beharko da, eta ezingo da 10 euroko bonua zatitu eta ez da dirua bueltatuko. Ilintiko establezimenduetan bakarrik erabili ahal izango dira.
Irailaren 5etik urriaren 31ra arte gastatu ahal izango dira.
Udako oporren ondoren Ilintik egiten duen lehen kanpaina da. Uda hasieran egin zuen azkena, hondartzarako toallak eta poltsak zozkatuta.