Xabi Zurutuza babesten jarraituko du Legazpiko Udalak
Kontratu berria sinatu du moto pilotuarekin, eta 7.260 euroko laguntza emango dio.
Xabi Zurutuza moto pilotuak Legazpiko armarria eramango du aurrerantzean ere bere motoan, udalarekin berritu duen babesletza kontratuari esker. Atzo astelehena sinatu zuten kontratua bi alderdiek udaletxean. Ekitaldian, munduko Moto3 txapelketan orain arteko bere emaitzarik onena lortuta Zaragozako Motorland zirkuitutik ia zuzenean iritsitako Zurutuzak berak, eta Eric Calvez alkateak eta kirol arloko zinegotzi Josu Galileak parte hartu zuten. Legazpiko pilotuak 7.260 euro jasoko ditu udalaren aldetik, “kirolaren esparruan egiten ari den lana babesteko, eta bere arrakasta profesionalak finkatzen laguntzeko”.
Ekitaldian zehar, Galvez alkateak zoriondu egin zuen Zurutuza Zaragozako emaitzengatik (zortzigarrena izan zen lasterketan), eta egiten ari den lana 2eredugarria” dela esan zuen: “Xabi ideiak oso argi dituen mutila da, baikorra da berez, gazteenei zenbait balio transmititzen dizkie, hala nola, lan gogorra, diziplina eta amets baten aldeko borroka. Eredugarria da guztientzat, eta berak badaki herri hau berarekin dagoela, eta lasterketa bakoitzean ere bultza egiten diola”.
Zurutuza, bere aldetik, eskertuta azaldu zen jasotako laguntzarekin, eta asteburuan Zaragozako zirkuitura joandako zaleak ere gogoratu zituen. “Orain oso momentu onean nago. Asteburu bizia izan da Zaragozan, eta eskerrak eman nahi dizkiet bertara hurbildu diren legazpiar eta lagunei emandako laguntzagatik; pixka bat zaila izan da, baina buelta ematea lortu dugu. Eta oraintxe bertan amets bat betetzen ari naiz, nire herria nirekin eta motoziklismoa bezalako kirolaren alde dagoela ikusita”.
Udalaren ekimenez, maiatzeko jaietan herritarrekin elkartu zen Zurutuza Latxartegik parkean, eta une hura ere gogoratu zuen, Agorreko Santikutzetan ez dela Legazpin izango aurreratzearekin batera: “Jaietan jende asko hurbildu zen. Sinestezina da ikustea haurrak autografo bat sinatuta jasotzearekin bakarrik zein zoriontsu diren. Itzela izan zen. Agorreko Santikutzetan ezin izango naiz egon, Murtzian entrenatu behar dudalako Asiako bira egiteko, baina ahal dudan guztietan itzuliko naiz “.
Gaur egun Murtzian bizi da, eta oso pozik dagoela esan du. “Egunerokotasuna zaila eta gogorra da, baina hori da gustatzen zaidana. Motoa dut gustuko, eta ez dut neure burua ikusten beste zerbait egiten. Oraina bizitzea gustatzen zait, baina beti dago hor nire helburua: gora egiten jarraitzea eta Moto GPko txapeldun izatera iristea”.