Barandiaranen ekarpenak izango dituzte hizpide Ataunen, EHUko Udako Ikastaroen barruan
Hitzaldiak irailaren 5ean eta 6an izango dira Ataungo Herri Antzokian. Antropologoak iparraldean bizi izandako garaian sakonduko dute.
Jose Migel Barandiaranen memoria gogora ekarriko dute bihar eta etzi, Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta euskal mitologiara ikastaroaren barruan. Euskal Herriko Unibertsitateak Uda Ikastaroak Fundazioaren bidez udan antolatzen dituen ikastaroetako bat da jardunaldia. Bigarren edizio honetan, antropologo ataundarraren ekarpenen inguruan jardungo dute berriro ere. Iaz landutako gai batzuen jarraipena egiteaz gain, oraingoan, Barandiaran Iparraldean bizi izan zen garaia izango dute hizpide nagusi. Jose Antonio Mujika zuzendariaren esanetan, informazio «gutxi» dago sasoi horren inguruan eta ataundarrarentzat urte «interesgarri» eta «oparoak» izan zirela azpimarratu du.
Hori horrela, aurtengo berezitasun nabarmenena iparraldeko mito desberdinen inguruko hitzaldiak izango dira. Gaian adituak diren Juan Inazio Hartsuaga idazleak Euskal Herriko jentilak eta beren europar senideak hitzaldia emango du ostegunean, 11:30etatik 12:30etara. Ostiralean berriz, Anuntxi Arana antropologoak Ipar Euskal Herriko mitologiaz: berezitasun zerbait jardunaldia eskainiko du 11:15etatik 12:30etara. Horiez gain, beste arlo askotako adituak ere izango dira: filologoak, filosofoak, etnografoak eta baita ekonomia arloan espezializatutakoak. Tartean dago Jokin Apalategi Begiristain soziologo ataundarra ere. Hitzaldi gehienak euskaraz izango diren arren, ostegunean bi saio gaztelaniaz egingo dira. Hitzaldiez gain, mendi-irteera bat ere antolatu dute ostegun arratsalderako. Aralarko artzain egiturak aztertuko dituzte Fermin Leizaola Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografoak lagunduta.
Mujikak interesa duen edonori luzatu dio gonbita. «Jakin mina izatea da bete behar den baldintza bakarra». Jarduera bakoitza doakoa da eta ez da beharrezkoa hitzaldi denetan geratzea, bakoitzak nahieran aukera dezake zer ikusi eta zer entzun. Hitzaldi guztiak Ataungo Herri Antzokian egingo dira eta izena eman behar da aldez aurretik, UIK-ko web orrian.
Bihar
09:00 – 09:15: Erregistroa
09:15 – 09:25: Jardueraren zuzendaritzaren aurkezpena (Agustin Erkizia Olaizola – EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea)
09:25 – 10:30: Jose Miguel de Barandiaran, investigador de la Prehistoria, Ignacio Barandiaran Maesturen eskutik.
10:30 – 11:30: La contribucion al conocimiento historico de la recogida de materiales arqueologicos y etnograficos promovida por Jose Miguel Barandiaran, Iñaki Garcia Caminoren eskutik.
11:30 – 12:30: Euskal Herriko jentilak eta beren europar senideak, Juan Inazio Hartsuaga Uranga.
12:45 – 17:30: Oiduiko eta Pikoketa (Aralar) saroiak eta egiturak, hitzaldia eta mendi irteera, Fermin Leizaola Calvoren eskutik.
Etzi
09:15 – 10:15: Aro iluna: J.M. Barandiaranen erbesteko urteak (1936-1953), Alvaro Arrizabalaga Valbuenaren eskutik.
10:15 – 11:15: Barandiaranek euskalgintzari egindako ekarpena, Luis Mari Zaldua Etxabe.
11:15 – 12:30: Ipar Euskal Herriko mitologiaz: berezitasun zerbait, Anuntxi Arana Murilloren eskutik.
12:15 – 13:15: Mahai ingurua. Gaia: J.M. Barandiaranen giza-balioen gaurkotasuna Moderatzailea: Leire Perlines kazetaria. Hizlariak: Jokin Apalategi, Aitzpea Leizaola eta Jon Mentxakatorre.