Andra Mari jaiak, asteburuan Liernin
Lierniko txirrindulari proba, herri bazkaria eta herri kirolak antolatu dituzte jaietako egitarauaren barruan.
Uda azken txanpan sartua da, baina oraindik ez dira herri eta auzoetako jaiak amaitu. Besteren artean, Andra Mari jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan Liernin. Aurten, igandearekin egokitu da Andra Mari eguna —irailak 8—, eta ondorioz, egun horretarako mugatuko da egitarauaren mardula. Larunbat iluntzean, hala ere, bertso afaria antolatu dute Aratz Igartzabal eta Araiztegirekin, 21:00etatik aurrera. Ondoren, erromeria izango da Iker Sukia eta Aritz Markinezekin.
Ohi bezala, Andra Mari egunean jokatuko da gazteen mailako Lierniko txirrindulari proba Lierniko txirrindulari elkarteak antolatuta. Aurtengoa, 43. aldia izango da. Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak azaldu du, proba bi zatitan jokatuko dela: «errepideko lasterketa eta erlojupeko igoera». Liernin hasi eta amaituko da errepideko proba, Goierrin barrena, 60 kilometroko ibilbidea osatu eta gero. Errepideko proban lehendabiziko 40en artean sailkatutako txirrindulariek erlojupekoa jokatuko dute gero, «Seguran hasi eta Liernin amaitu», 4 kilometroko bidean.
Goierritarrak lehian
Meza nagusia, toka lehiaketa eta Elustondo anai-arreben erromeriaren ondotik herri bazkaria egingo dute, «60 bat pertsona» elkartzen dira urtero. Herri kirol saioa egingo dute arratsaldean, Josu Ibarguren (Legazpi) eta Iñaki Ibarguren (Mutiloa), Joseba Arakama (Zegama) eta Aitor Urteagaren (Idiazabal) aurka arituko dira aizkoran eta Goenatxo III.enak erakustaldia egingo du harriarekin, ondoren. Erromeriarekin agurtuko dituzte jaiak.