Idiazabalgo Jason zortzi langile kaleratu dituzte
LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek osatzen duen enpresa batzordeak kaleratzeak gaitzetsi ditu, eta erabaki atzera botatzeko exijitu dio zuzendaritzari.
Idiazabalgo JASO Tower Cranes enpresako batzordeak (LAB eta ELA) salatu duenez, zuzendaritzak zortzi langile kaleratu ditu. Erabaki atzera botatzeko exijitu dio komiteak zuzendaritzari.
“Sei hilabete Aldi Baterako Enplegu Erregulazioan igaro ondoren, ekainean jakinarazi zigun neurria ez berritzeko asmoa. Ordea, abuztuko oporretatik bueltan zortzi lankide kaleratu ditu, erabakiaren gainean hitz egiteko edo negoziaturiko alternatibak bilatzeko inongo borondaterik gabe”, dio langile batzordearen oharrak.
Langileen ordezkariek diotenez, “jada hartua zuen erabakia” jakinarazi besterik ez die egin langileei, “onartezina den jarrera” erakutsiz. “Horregatik, aukera baliatu nahi dugu zuzendaritzari eskatzeko jarrera aldatu, erabakia atzera bota eta bestelako bideak bilatzeko hitz egitera eser dadin”.
Enpresa-batzordearen aburuz, erabakia “neurrigabea eta kaltegarria” da langile zein enpresarentzat. “Kaleratze hauekin soldaketa sekzioak ia langileen herena eta lan karga igoera txikienaren aurrean erantzuteko gaitasun produktiboa galduko ditu. Ze asmo du honen aurrean zuzendaritzak? Zein izango da JASOren etorkizuna?”
Garbi dute JASOren arazoa ez sirela langileak, eta ez dituzte ez enpresaren moduak ez kaleratzeak onartzen. “Egoera ikusirik, langileak batzea eta enpresaren aurrean irmo jartzea da geratzen zaigun alternatiba. Enpresa batzordeak horretan egingo dugu lan datozen egunetan”.