Igartzako festak ate joka
Igartza auzoko jaiak, Igartzako Dantzarien Eguna eta Gaztetxearen urteurrena ospatuko dituzte asteburuan. Hiru egunez hamarnaka ekitaldi izango dira adin eta gustu guztietarako.
Egitarau bete-betearekin ospatuko dituzte Igartza auzoko festak gaurtik hasita. Hasiera ofiziala, bihar, ostirala, 17:30ean izango da, une horretan jaurtiko baitute suziria, baina jaiak girotzen gaur arratsaldean hasiko dira; 18:00etan irekiko dituzte barrakak, eta pintxopote musikatua izango da DJ Indezent-ekin, 19:00etatik aurrera. Auzotarrak, beasaindarrak eta inguruko guztiak gonbidatu dituzte jaietara batzera.
Aurtengo berritasuna sagardo dastaketa izango da. Ardo dastaketaren ordez antolatu du jai batzordeak. Bihar, 19:00etan hasita izango da. Antolakuntzak aurreratu duenez, zortzi sagardo etxe desberdin izango dira aukeran. Edalontzia ordaindu beharko da eta nahi beste edan ahal izango da.
Azken momentuko aldaketa bat ere izan da, bihar gaueko kontzertuei dagokienez. The Whaler, Neallta Fola eta Manny Calavera taldeak izango dira azkenean.
Igandeko herri kirol jaialdiko partaideei dagokienez, Goierritarrak izango dira nagusia. Harri jasotzen Xiker Larrea eta Gari Garmendia izango dira, eta aizkoran, Iñaki Azurmendi eta Arkaitz Jauregi.
Gainontzean, aurreko urteetakoaren antzera joango dira festak. Adin tarte eta gustu guztietarako ekintzak izango dira. Musika, kale ikuskizunak, gastronomiari lotutako ekintzak eta kirol jarduerak izango dira, beste batzuen artean.
Lehiaketak eta bazkariak
Hainbat ekintzetan parte hartzeko izena ematea edo txartela erostea beharrezkoa izango da. Mus txapelketa, larunbatean, 16:00etan hasita jokatuko da, Kattalin erretegian. Izen ematea tokian bertan egingo da txapelketaren aurretik.
Haurrentzako duatloia, berriz, egun berean, goizean jokatuko da eta hasiera baino ordu erdi lehenago egingo da izen ematea, irteera puntuan bertan.
Patata tortila lehiaketan parte hartzeko ere aurrez eman behar da izena, 600 398 668 telefono zenbakira WhatsAppez mezua bidalita, eta 15 euro ordaindu beharko dira.
Arrantza lehiaketan parte hartu nahi dutenek, berriz, igandean bertan, 8:30ean Antzizar tabernan eman dezakete izena, edo 660 028 557 telefono zenbakira deituta.
Txingak eta sokatira herrikoian parte hartzeko, ekitaldiaren atarian eman beharko da izena.
Larunbat gaueko auzo afarirako janaria, talde bakoitzak eraman beharko du. Kontutan izan behar mozorrotuta joan behar dela. Aurtengo gaia, oesteko pelikulak izango da. Igandeko paella herrikoirako txartelak berriz, auzoko tabernetan daude salgai, 15 euroren truke.
Igartzako jaiekin batera ospakizun gehiago ere izango dira Beasainen. Hain zuzen ere, Igartzako Dantzarien XVIII. Eguna ospatuko du Igartzako Dantzarien Kofradiak, Aurtzaka dantza taldeak antolatuta. Larunbatean izango da dantzarien egun handia. 12:00etan bandera jasotzea egingo dute udaletxean, eta ondoren, ezpata dantzaren segizioa egingo dute, plazatik Igartzaraino. 12:30ean hasiko da dantzarien ikuskizuna, Igartza Monumentu Multzoko gune desberdinetan. Arratsaldean, berriz, festak aurrera egingo du. Erromeria eta triki-poteoa egingo dute trikitilari eta panderojoleekin. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete
Gaztetxearen urteurrena
Igartza auzoko jaien asteburu berean ospatuko du Melmak Gaztetxeak 20. urteurrena. Larunbatean, 12:30ean suziria jaurtiko dute, Porru plazan. 13:00etan, Eztanda txarangak girotuta, poteoa egingo dute. 15:00etan, bazkaria izango da Gaztetxean. Tiketak sare sozialen bidez erosi ahalko dira. 16:30ean, kontzertu akustikoa izango da, 18:00etan berriz, sagardo dastaketa, eta 20:30etik aurrera, Habemus Papam, Kaparrak, Mutiko eta Dj Tintz.
Gaur
- 18:00: Barraken irekiera.
- 19:00: Pintxopotea, Indezent dj-ak girotuta.
Bihar, ostirala
- 17:30: Danbatekoa eta buruhandiak.
- 18:15: Pololo, Elena, Madalena eta Txikipailazoak.
- 19:00: Sagardo dastaketa.
- 23:00: Kontzertuak; The Whaler, Neallta Fola eta Many Calavera.
Etzi, larunbata
- 9:00: Goizeresia.
- 11:00: Ume eta gaztetxoen duatloia.
- 12:30: Igartzako dantzariak.
- 12:30: Poteoa Koxkola txarangarekin.
- 13:00: Apar festa
- 16:00: 30. Mus Txapelketa.
- 16:45: 12. Patata tortila lehiaketa
- 17:00: Gaztetxoentzat jolasak.
- 18:00: Poteoa Koxkola txarangarekin.
- 21:30: Auzo afaria mozorroturik.
- 22:00: Kontzertuak Gaztetxean.
- 22:30: KDj festa eta karaokea.
- 03:00: Kulero eta gantzontzillo lasterketa
Igandea, hilak 8
- 08:30: IV. Arrantza lehiaketa.
- 11:00: Puzgarriak
- 12:30: Trikipoteoa.
- 14:30: Paella herrikoia eta bingoa bazkalostean.
- 17:30: Txingak eta sokatira herrikoia.
- 18:30: Buruhandiak.
- 19:00: Herri kirolak.
- 20:30: Trikipoteoa.
- 21:30: Festen amaiera.