JTK Eguna irailaren 28an izango da, Lazkaon
Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko, eta herri kiroletan parte hartzeko izena ere eman daiteke.
Jotake Lazkaun taldeak irailaren 28rako antolatu du JTK Eguna. Aurten ere, ekintza ugari izango dira egun osoan zehar.
Goizeko bederatzietan hasiko da jaia, dultzainero eta joaldunen saioarekin. Jarraian, herri kirolen txanda izango da. Hamabietan hasiko badira ere, taldeek hamaiketan elkartzeko aukera izango dute entseguak egiteko. Taldeak sei lagunez osatutakoak izan beharko dute eta koskolak, toka, txingak eta trontza frogetan parte hartuko dute.
Herri kirolen ostean trikipoteo girotua egingo da eta hiruretan, herri bazkaria. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, edonor joan daiteke bazkarira, herri kiroletan partu hartu duen edo ez kontuan hartu gabe. Langabetu eta ikasleek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek, 18 euro. Ezinbestekoa izango da egun horretarako eginiko kamixeta jaztea bazkarirako, eta aurrez izena ematerakoan jakinarazi beharko da elastikoaren neurria. Lazkaoko Malantza eta Ansoategi tabernetan eman behar da izena. Aurreko egunean eta egunean bertan banatuko dira kamixetak.
Bazkalostean, festak ez du etenik izango. Kantuz saioa egingo dute eta gitarrak, perkusioa edo dena delako instrumentuak eramateko gonbita egin du Jotakek. Eguna amaitzeko, Oilar Beltzak taldearekin erromeria egingo da, bederatzietatik aurrera.
Herri kiroletan parte hartu nahi duten taldeek 620 59 46 16 telefonora deitu beharko dute izena emateko. Sei laguneko taldeak eratu beharko dira, mistoak edo ez. Koskoletan, tokan, txingetan eta trontzan neurtuko dituzte indarrak. Laugarren diziplina bat ere egingo dute, baina oraindik ez dute iragarri, sorpresa izan dadin.