Kizkitzan erromeriarik ez da faltako Andra Mari egunean
Ohiturari jarraituz, Kizkitzako erromeria antolatu dute itsasoarrek igande honetarako, Andra Mari egunez. Egun osoko egitaraua antolatu dute beste urte batez. Festa nagusiki Kizkitzan bertan gauzatuko den arren, Mandubin eta Itsason ere ez da jai girorik faltako.
Mezarekin emango diote hasiera egunari Kizkitzan (12:00) eta ondoren, erromeria izango da Baltzola eta Andonegirekin (13:00). Bazkal ostean (14:00) erromeriak jarraituko du arratsalde osoan zehar (16:00), toka lehiaketa izango da tartean (17:30) eta Itsasora itzulera egingo dute 20:30ean.
Kizkitzan ez ezik, Mandubiko bentan ere erromeria giroa egongo da Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagaren eskutik. Amaitzeko, Itsason afaria egingo dute Ostatun (21:30) Baltzola eta Andonegi trikitilariek lagunduta.