Mikel Sarriegi dantza maisua, ohorezko kofradiakide
Igartzako dantzarien eguna ospatuko du Igartzako Dantzarien Kofradiak larunbatean. Izendapenarekin «hunkituta» agertu da ohorezko kofradiakide berria.
Igartzako Dantzarien Kofradiak, Mikel Sarriegi Etxezarreta dantza maisu beasaindarra aukeratu du ohorezko kofradiakide izendatzeko. Larunbatean izango da ekitaldia, Igartzako Dantzarien Egunaren ospakizunaren baitan. Aurtengoa, ospakizun honen 18. edizioa izango da.
Aurtzaka Dantza Taldeak azken orduetan aditzera eman du berritasuna. Mikel Sarriegi bera, Igartzako Dantzarien Kofradiaren sustatzailea izan zen, eta gaur gaurkoz, Kofradiaren parte da. Bere taldekideak izan dira ohorezko kofradiakide izendatzeko proposamena egin dutenak, euskal dantzari egin dion ekarpen handiagatik. Mikel Sarriegi bera, «hunkituta» agertu da, eta era berean, egoera «berezia» bezala deskribatu du, «kofradiaren parte izanagatik». Barne hausnarketa eginda, onartu du «gustura hartzen den zerbait» dela, «batez ere, ikusita orain arte nortzuk izendatu diren ohorezko kofrade». Zerrenda horretara batzea «oso-oso polita» izango dela adierazi du, izendapen hau proposatu duten guztiei esker ona adieraziz.
Hamargarrena
Urteetako ibilbidean, Igartzako Dantzarien Kofradiak, ohorezko kofradiakideak izendatu izan ditu Juantxo Agirre, Juan Antonio Urbeltz, Raimon Gamayo, Jesus Mari Garate, Patxi Laborda, Juanito Cacho, Joseba Juarez, Xabier Sarriegi ‘Paxatxo’ eta Maria Jesus Alvarez dira orain arte urrezko zintadun domina jaso dutenak. Mikel Sarriegi hamargarren ohorezko kofradiakidea izango da, eta berarentzat «erreferente» izan diren haiei batuko da.
Hain zuzen ere, meritu eskerga bildu du Sarriegik izendapen hau jasotzeko. 1972an hasi zuen beasaindarrak dantzari bezala ibilbidea eta zazpi aldiz irabazi du Euskal Herriko Aurresku Txapelketa. Raimon Gamayo, Martin Iraola eta Jesus Mari Garate izan zituen gidari. 1979tik dihardu Aurtzaka Dantza Taldean eta gaur egun bertako dantza-maisu eta zuzendari artistikoa da.
Bere bizitzako hainbat hamarkada, euskal dantzen ikerketan eta transmisioan lanean jardun du Sarriegik, zenbatu ezina delarik egin duen ekarpena. Igartzako Dantzari Kofradiaren sustatzaile eta sortzaile nagusia izan zen. 2007ko irailean eratu zen Kofradia, harrezkero, urtero-urtero ospatu dutelarik ezpata-dantzaren ekitaldia. Igartzako ezpata-dantzari eta San Juan bezperako sokadantzari ere egin dizkio ekarpenak; Sarriegik sortu zituen koreografiak, tradizioa oinarri bezala mantenduz. Beste koreografia eta ikuskizun asko eta asko ere sustatu ditu, hala nola, Goierriko Dantzen Ikuskizuna eta Dantza berriak doinu berriei jarriak ikuskizunak. Beasaingo Loinatz Jaietako sokadantzak balioan jarri ditu, Goierriko agintarien sokadantzei bereziki erreparatuz. 2022an ‘Paxatxo’ zenaren omenez estreinatutako Azken dantza maisua dokumentalaren sustatzaile ere izan da.
Hainbat argitalpen, hitzaldi eta ikastaro eskaini ditu ere. 2024an, Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburua argitaratu du, bi hamarkadetako ikerketa-lanaren emaitza dena.
Arrateko Amaren eta Andoaingo Santakruz Kofradietako Ohorezko kidea da, eta orain, bere jaioterrian, bere ekimenez sortu zen kofradiak izendatuko du ohorezko kofrade, hauek eta beste arrazoi askorengatik.
Larunbateko egitaraua
Eguerdian hasiko da ekitaldia, kanpai-hotsekin batera, Maritxu nora zoaz doinuaren erritmora. Udal-agintarien eskutik herriko bandera jaso udaletxean, eta dantzari-segizioa Igartzara abiatuko da, ezpata luzez loturik eta musikarien eta Mattin erraldoiaren laguntzarekin. 12:30erako, 100 dantzari eta musikaritik gorako taldea Igartzan egotea espero da. Bertan, Oria ibaiaren bi ertzetan, zubi gainean eta burdinolako aldaparoan, Igartzako Ezpata-dantza dantzatuko dute. Jarraian, Igartzako zumitz-dantza eta brokel dantzen saileko hainbat pieza dantzatuko dituzte.
Kofradiakideen bazkaria egingo dute jarraian, eta arratsaldean, trikitilari eta panderojoleekin erromeria eta triki-poteo ibiltaria izango da auzoan zehar.
Beste ekitaldi batzuk
Aipatu ere, igandean, Arrateko Dantza Kofradiaren ekitaldian, eta irailaren 14an, Iruñako Duguna taldearen 75. urteurrenaren ospakizunean parte hartuko duela Igartzako Dantzarien Kofradiak.