Urbanizazio eta uholde arriskua ekiditeko lanak bukatu dituzte Ezkiagan
6.144.604 euro izan da kostua eta lanak 18 hilabetez luzatu dira.
Ezkiaga auzoko lanak bukatu dituzte, hala, errepidea irekita dago bi noranzkoetan, baita oinezkoentzat espaloiak eta bidegorria ere. Azaroan zehar landatuko dituzte falta diren zuhaitzak -auzoari izena ematen dioten Ezkiak izango dira-, eta ibaira zaborrik ez erortzeko altzairuzko zokaloa ipiniko dute barandaren azpiko aldean.
Hilabete hauetan burutu dituzten aldaketekin, Oria ibaiak eragiten zuen uholde arazoari irtenbidea bilatu nahi izan dio Beasaingo Udalak, CAF enpresarekin eta URA Uraren Euskal Agentziarekin elkarlanean. Ibaiaren ubidea zabaldu dute, ingurua itxura aldatu, argiteria eta hiri-altzariak berritu eta ur-hornidura sarea eta ur saneamendua hobetu dituzte. Gainera, CAF lantegiko ataria zen eraikina eraitsi dute eta langileentzako pasabide berria jarri dute ibaia zehartzeko.
Errepideari dagokionez, bi noranzkoak berreskuratu dituzte, bertako zirkulazio arazoei irtenbidea bilatu nahian.
Obra egiteko inbertsioa 6.144.604 eurotakoa izan da eta 18 hilabetez luzatu dira lanak.