Errekabeltzeko erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Zaldibian
Kargu publiko hainbatek, Ahal Dugu eta EH Bildu alderdi politikoetako ordezkariek, Naturkon koordinakundekoek eta hamarnaka herritarrek parte hartu dute 'Aralarren alde, erasorik ez!' lemapean egin den salaketa bilkuran.
Abuztuaren 22an zaldibiar baten autoari Aralarko Errekabeltz aparkalekuan egin zioten erasoa gaitzetsi eta kaltetuei babesa adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Zaldibiako plazan, Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Aralar Bizirik taldeak deituta. 150 lagun inguru elkartu ziren Aralarren alde, erasorik ez! lemapean egindako salaketa bilkurara. Tartean ziren, besteak beste, Zaldibiako herritarrak eta alkatea, Enirio-Aralar Mankomunitateko hainbat alkate eta zinegotzi eta herritarrak, Naturkoneko ordezkariak (Guipuzkoako talde ekologista eta kontserbazionisten koordinakundea) eta Ahal Dugu eta EH Bilduko alderdi politikoetako ordezkariak. Elkarretaratzean testua irakurtzeaz gain, Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren musika entzun ahal izan zen.
Erasoa jasandako zaldibiarra Aralar Bizirik plataforma eta Landarlan ingurumen Elkarteko kide dela aipatzeaz gain, deitzaileek nabarmendu dute Errekabeltzeko langaraino “erabiltzaile orok” dutela ibilgailuz joateko aukera. “Ibilgailuaren bila joan zenean, gauez, osasun larrialdi bat tarteko, lau gurpiletako balbulak moztuta eta gurpilak hustuta aurkitu zituen; zorionez, bertan topatu zituen artzain batek eraman zituen Beasaingo larrialdi zerbitzuetara”. Errekabeltz Enirio-Aralar mankomunitateko lurretan dago, Aralar Natur Parkearen barruan.
Kideari eta bere familiari “elkartasun eta babes osoa” adierazteaz gain, “edozein eratako erasoak erabat onartezinak” direla nabarmendu dute kontzentrazioaren deitzaileek. “Ez du axola zein den pertsona, ezta arrazoia ere. Horrelako jarrerek ezin dute lekurik izan gure jendartean. Horregatik, denok, erakundeetako ordezkari nahiz herritar xume, aho batez gaitzetsi behar ditugu horrelako jokabideak. Hori aldarrikatzeko gaude hemen”.
Aurrez ere erasoak eta mehatxuak
Gogoratu dute Aralarren eta oro har Euskal Herriko natur kontserbazioaren alde “aktiboki” aritu dela azken urteetan Zaldibiako herritarrak, Aralar Bizirik plataforman eta Landarlan ingurumen elkartean. Tartean, Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren zuzendaritzan eta zabalkunde lanetan ere aritu da. “Jakina da eraso hori ez dela gatazka pertsonal baten ondorioa izan, pertsona honek Aralarko ondare naturalaren kontserbazioarekiko duen konpromisoa eta pista berriak eraikitzearen aurkako posizionamendu publikoarengatik baizik. Gainera, Zaldibiako udalak bere oharrean ondo adierazi duen moduan, arrazoi berdinak tarteko, pertsona honen familiak ere aurrez eraso larriak jasan ditu. Beraz, tamalez, ez da lehenengo aldia, 2016an pisten eraikuntza abiatu zenetik Aralarren eta inguruan erasoak eta mehatxuak izan direla. Ez dugu zalantzan jartzen horrelako jokabideak gutxiengo baten kontua direla, baina era berean, oso deigarria egiten zaigu pertsona horiek duten inpunitatea eta babesa”.
Hori dela eta, “ezinbestekotzat” jo dute erakundeek, alderdi politiko guztiek nahiz sindikatuek eraso hori gaitzestea. “Mugimendu ekologistak eta kontserbazionistak interes orokorraren alde egiten dute eta beraz, jendarte demokratiko batean beharrezkoak dira. Gainera, Aralarko testuinguruan lanean diharduten eragileek beti defendatu dute elkarrizketa eta errespetuan oinarritutako eztabaida kolektiboa. Iruditzen zaigu hori dela konponbideak lortzeko bidea eta horretan jarraituko dugu”.
Aurrerantzean antzerako egoerarik ez errepikatzea espero dute deitzaileek. “Elkarbizitza da bidea, inolako indarkeriarik gabe. Sektore eta interes ezberdinak dituztenen arteko elkarlana, zientzian oinarritutako irizpide teknikoak eta interes orokorra defendatuko duten erakundeen gidaritza behar ditugu”.