Josu Urrestarazu, etxean azkarrena
Urrestarazu idiazabaldarrak irabazi du Axari Trail proba, sprint modalitatean. Maite Etxezarreta azpeitiarra izan da proba motzeko lehen emakumea. Luzean, Ander Iñarra lezoarra eta Onditz Iturbe igorreztarra garaile.
Josu Urrestarazu idiazabaldarrak irabazi du gaur goizean jokatutako Mikel Garmendiaren omenezko Axari Trail mendi lasterketa. Etxean jokatuta, ibilbidea inork gutxik ezagutuko zuen berak baino hobeto, baina kontrara, faborito izatearen presioa ere nabaritu du. Herritarren aurrean karrera “ona” egin nahi zuela aitortu du eta normalean baino urduriago irten dela esan du; halere, erritmo bizian abiatu da eta inork ezin izan dio jarraitu, eta lasterketaren bigarren erdian errentari eustea lortu du. “Beti da zaila, baina irten da eta gustura nago”, aipatu du.
Goierritarrak izan ditu alboan podiumean. Endika de las Heras beasaindarra izan da bigarren eta Julen Balerdi idiazabaldarra, hirugarren. Esprintean bukatu dute. Urrestarazurengandik minutu eta hamazazpi segundotara sartu dira.
Emakumeen artean eta distantzia motzean, Maite Etxezarreta azpeitiarra izan da azkarrena. Maider Unanue lazkaotarra izan da bigarren, Etxezarretarengandik zazpi minutura, eta Ainhoa Arruti urnietarrak osatu du podiuma, garailearengandik hamabi minutura. Maialen Urbizu izan da lehen idiazabaldarra, seigarren postuan.
Distantzia luzean txapelak Goierritik kanpora joan dira, bai gizonezkoen eta bai emakumezkoen kategorietan. Batean, Ander Iñarra lezoarra izan da azkarrena eta, bestean, Onditz Iturbe igorreztarra. Nesken artean Laida Elizegi zaldibiarrak Top3-an bukatu du. Sergio Serrano, bosgarren, eta Amaia Intsausti, zazpigarren, izan dira lehen idiazabaldarrak.
Hodei Lujanbiok berea du elastiko gorria
Axari Trail Goierri Trail Kopako azken aurreko proba izan da. Legazpiko Korostiko lasterketaren faltan, ebatzi dira sailkapen gehienak: gaur, Hodei Lujanbio goizuetarrak distantzia luzeko kopa bereganatu du, Gaizka Lasa legorretarrak ez baitu punturik pilatu eta, ondorioz, 114 puntu atzetik doa. Andoni Jaka zumarragarra bigarren postutik lau puntura gerturatu da Axarin pilatutako 74 puntuekin. Distantzia motzean, Jon Rodriguez ordiziarrak eta Maider Unanue lazkaotarrak egina dute.
Distantzia luzeko baina emakumezkoen sailkapen orokorra puri-purian dago. Eneritz Oiartzabal liderrak ez du punturik pilatu Idiazabalen, baina bere aurkariek bai. Edurne Arakistain legorretarra, adibidez, liderrarengandik 29 puntura dago. Bost korrikalaik dute sailkapen nagusia irabazteko aukera, tartean, bi goierritarrek.