Beasainek 2-0 galdu du Ligako lehen jardunaldian Durangon
Aukera onak izan zituen Beasainek baina ez zuten golik egin. «Lehenbailehen puntuak gehitzea» da helburua. Ligako bigarren jardunaldian Deusturen kontra jokatuko dute Loinatzen.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/09/beasain_ke_futbol_taldeare-1200x801.jpg)
Beasainek ezin izan du modu onean hasi hirugarren federazio mailako denboraldi berria. Ligako lehenengo jardunaldian, Durangoren aurka jokatu zuen larunbatean aurkariaren zelaian, eta 2-0 izan zen emaitza.
Taldeak denboraldi aurreko ona osatu du eta eraberrituta hasi du denboraldi berria. Aro berri bati ekitean sortzen diren zailtasunez jabetuta, partida honetarako prestaketa lanean jardun dute azken asteetan Mikel Arruabarrena entrenatzaileak eta bere mutilek, baina garaipena bizkaitarrentzat izan zen eta punturik gehitu gabe itzuli ziren etxera.
Partida hasi eta berehala, etxekoek aurrea hartu zuten markagailuan. Ander de la Parra Beasaingo jokalari ohiak sartu zuen gola, seigarren minutuan. Bigarren tantoa, 68. minutuan iritsi zen, Unai Arietaren hanka artetik.
Liga hasierako partida «gogorra» izan zela adierazi du Arruabarrena entrenatzaileak. Aurkariak lehenengo minutuetan gola sartzea, egoera «zaildu» zuela, baina pixkana-pixkana, «partidan sartzen» joan zirela. Hortik aurrera, Beasainek ere «aukera onak» izan zituela gola egiteko, garbienak, Bengoetxeak eta Sansineneak, baina Durangoko atezainak «ondo bete zuen bere lana». Durangarren bigarren golak baina «jokoz kanpo» utzi zituen, eta hortik bukaerara, ez zuten «aparteko aukerarik» sortu.
Emaitza hori izanda, sailkapen nagusian, azken aurreko postuan kokatuta hasi du denboraldia Beasainek, egoera iraultzea delarik Arruabarrenaren mutilen helburua. «Lehenbailehen puntuak gehitzen hastea da helburua», nabarmendu du.
Igandean, etxean
Ligako bigarren jardunaldian etxean, Loinatz udal futbol zelaian, jokatuko Beasain taldeak. Deustu taldea izango du aurrez aurre. Igandean izango da, 15:30ean hasita. Entrenatzailearen hitzetan, bigarren hau ere «oso gogorra» izango da. Deustu ez da nolanahiko taldea; Play Off postuetako taldea du, denboraldi honetarako indartuta datorrena gainera. Hala izanda ere, partida irabaztera aterako dira beasaindarrak.
Bazkide kanpaina
Beasain KE-ko bazkide kanpaina martxan dago hilabete hasieratik. Kuotaren ordainketa helbideratuta duten bazkideei denboraldiko zenbatekoa kobratuko zaie. Helbideratuta ez dutenek berriz, lehen taldeak Loinatz zelaian jokatuko duen lehen partidutik aurrera bertako leihatilan ordaintzeko aukera izango dute, beraz, igandetik aurrera.