Garagardo festarekin hasiko da ostegunean iraileko festa-aldia Lazkaon
Ostegunean, ostiralean eta zapatuan izango da feria, plazan, Gerriko elkarteak antolatuta. Jolasak, erromeria-taldea eta buruhandiak ere jarri dituzte. Uztailetik irailera aldatuta, feria herritarren bilgune eta San Migel aurreko jai berotzaile izatea nahi dute.
San Migel ingurua berotzeko egitarauak beste osagai bat izango du aurten: Gerriko kultur elkarteak antolatutako garagardo azoka aste honetan ospatuko da. Uztailetik irailera aldatu dute, «San Migeletarako motorrak berotzen joateko».
Etzi, osteguna irailak 12, zabalduko dute feria, eta hiru egunetan dastatu ahalko dira garagardoak eta jakiak: ostegunean, ostiralean eta larunbatean, 18:00etatik aurrera. Herriko beste eragile batzuekin elkarlanean, ekitaldi eta jarduera gehiago ere izango dira.
Hamar garagardo mota desberdin probatu ahalko dira azokan: bi irlandar, bi galiziar –bat alkoholik gabea–, eta txekiar, herbeherear, japoniar, alemaniar, eskoziar eta belgikar bana.
Jateko, berriz, haragi anburgerra eta beganoa, txonkoa, saltxitxak, patata-purea eta patata frijituak salduko dituzte. Afariak ateratzen 20:00etan hasiko dira. Ostegunean, pintxo-pote eguna denez, txakurtxikiak eta burgertxikiak mokaduak egongo dira aukeran, garagardoarekin batera.
Azoka girotzeko, Zenbat pisatzen du? jolasa (ostegunean), buruhandiak eta Zenbat daude? jolasa (ostiralean), eta Emaion taldearen erromeria eta urdaiazpiko zozketa (zapatuan) egingo dituzte.
Iraileko asteburu guztietan, San Migel girotzeko ekitaldiak
Motozaleen festarekin hasi zen, lehengo zapatuan, hilabeteko festa Lazkaon. Moto bilkura, otordua, musika eta abildade erakustaldia egin zituzten, Unai Dominguez zenaren omenez. Baina irail osorako prestatu dute lazkaotarrek San Migel aurreko egitaraua.
Asteburu honetan, garagardo feriaren ondoren, Esparruko ohiturazko igoera izango da, igandean. Bezperan, eskalatzeko aukera ere ipiniko dute, plazako frontoiaren atzealdean.
Hurrengo asteburuan, berriz, larunbat bete-betea etorriko da, irailaren 21ean. Eskola-umeen duatloia goizean, eta arratsaldean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako hirugarren saioa jokatuko da, Arerian (17:30ean). Sei bertsolari ariko dira, tartean Gorka Maiz gabiriarra eta Iban Urdangarin ataundarra. Eguna osatzeko, sagardo dastaketa eta 4. Aho Lehor Fest musika jaialdia –Black Bacon, Flash, Finale eta Kacarsi taldeekin– izango dira.
Basherri Eguneko azoka eta ganadu erakusketa irailaren 22an da. Hileko azken asteburuan, azkenik, erraldoi eta buruhandi konpartsa eta zezen suzkoa aterako dira, irailaren 28an. JTK Lazkaun taldearen festa-eguna ere orduan ospatuko dute. Bazkarirako izen-ematea ireki dute. San Migel egunez, 29an, Josetxo Imaz Krosa Lazkaon hasi eta bukatuko da. Pilota, jolasak, Itzal taldearen erromeria eta herri afaria egingo dituzte.